Xabier eta Mikel Arrutiren taldea bikain aritu da Londresko proban

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 27a

Oso pozik itzuli dira Xabier eta Mikel Arruti Londrestik, bertako “The Head of the River Race” proban parte hartu eta gero. Batetik emaitza oso ona lortu dute, euren mailan hirugarrenak izan dira eta bestetik asteburu desberdin baina ederra pasatzeko modua izan zuten Britania Handiko hiriburuan.
Tamesis ibaian aurreko igandean burutu zen beteranoen estropadan guztira 183 zortziko atera ziren eta Ur Kirolak-en ontzia 26. iritsi zen helmugara: Zortzi arraunlari eta lemazainak, 20 minutu 44 segundu eta 65 ehuneko behar izan zituzten erlojuaren kontra ia zazpi kilometroko ibilbidea egiteko.
Dena den esan daiteke podium-a egin zutela hemengo arraunlariek euren mailan, 35 eta 40 urte arteko beteranoen artean hirugarren izan baitziren 14 ontziren artean. Emaitza bikaina beraz, euren zaletasunaren poderioz, azken hilabeteotan elkarrekin astean behin entrenatu duen taldearentzat.
Beteranoen Head 2009ko irabazleek, Imperial College BC taldeak, 19:40.12ko denbora egin zuen eta Ur Kirolak-ekoen mailan 35-40 urte artean irabazi zutenek, Auriol Kensington taldeak 20:08.67, hemengoek baino 36 segundu gutxiago. Sailkapen orokorrean zortzigarrenak izan ziren hauek.

Errepikatzeko modukoa

Arraun olinpikoan probarik entzutetsueneko esperientzia ederra izan da taldearentzat, ez zuten arazorik ez ezustekorik izan, eta Xabier Arrutik adierazi digunez, errepikatzeko moduko joan etorria izan da. “Agian estropada berdina ez, beste batzuek probatu daitezke, baina plana bai izan da errepikatzeko modukoa” esan digu Xabier Arrutik.
Vigoko taldea 24. postuan sailkatu zen Ur kirolak-eko taldea baino bi postu eta bi segundu lehenago. Bestalde, Ur kirolak elkarteko beste taldea, 109.a izan zen 22:16.25 denborarekin.
Proba Tamesis ibaian Mortlake eta Putneyko zubien artean burutzen da urtero, Londresko hiriburuaren bihotzean. 1976. urteaz geroztik, proba nagusian gehienez 420 ontziri uzten zaie parte hartzen, beraz guztira 3.780 arraulari izan ziren larunbatean, 9 ontzi bakoitzeko. Igandean, beteranoen proban, 183 ontzi eta beste 1.647 kirolari atera zirenez guztira Europa osoko bost mila arraunlaritik gora aritu dira bi egunotan proba herrikoi honetan. •