Ez izutu Ttakun Kultur elkarteak eta Bertso Eskolak urtero antolatzen duen bertso saioa baita. Iaz hegazkin berezi bihurtu zen kultur etxea Barrenak astinduz saioarekin, eta aurten "mundua konpontzeko tailerra izango da," azaldu digute Mailu Arruti Ttakuneko arduradunak eta Joxe Kruz Labaka Bertso eskolako ordezkariak, "lan eskakizun ezberdinak iritsiko dira Lekuona tailerrera eta bertan irtenbidea bilatuko zaie".
Mundua konpontzeko tailerra emanaldiak bertsolaritza izango du bere ildo nagusia. Baina Joxe Kruzek zerbait zehaztu digu, "b ertsoak izango dira bai, baina beste kultur diziplinekin nahastua, hala nola, antzerkia edo musika. Eta, era honetara, bertsolaritzak azken aldian hartu dituen bide berriak ikusi ahal izateko aukera paregabea egongo da herrian."
Era berean, musika arloan, azken urteetan egiten diren nahasketez gozatu ahalko da, hala nola, erritmo berrietara egokitzen diren instrumentu tradizionalen doinuak eta beste herrialdetako erritmo biziak.
"Instrumentu modernoek jotako bertso doinuak edo herri kantuak modu ezberdinean kantatuak," azpimarratu dute.
Era guztietako langileak
Profesionalak eta zaletuak elkarrekin lanean ikusi ahal izango dira tailer berezi honetan.
Punta puntako bertsolari eta antzezle diren Andoni Egaña, Xabier Paya, Aitziber Garmendia eta Egoitz Lasarekin batera, herriko bertso eskolako kideak eta antzerki eskolako gazteak ikusiko ditugu lanean.
Kultur etxeko oholtza gainean, mundua konpontzeko irtenbide bila herriko hainbat talde ere egongo da. "Herriko artistek beraien berrikuntzak eskaintzeko ekitaldia da hau," azaldu digu Ttakuneko arduradunak.
Baina, hauetaz gain, langile bereziak ere egongo dira, ikusleak. "Ikusleak saioaren parte izatea nahi dugu eta horretarako, hainbat sorpresa prestatu ditugu," aipatu digute.
Beraz, prest egon apirilaren 4an arratsaldeko 19:00etan Mundua konpontzeko tailerrean barre, negar eta lan egiteko aukera izango baituzue.