Herriko gaztetxoek zuhaitz eguna ospatu zuten

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 27a

Martxoaren 21ean ospatzen da Basotzeraren Munduko Eguna. Ekimenarekin bat eginez, Ingurumeneko sailak XVIII. Zuhaitzaren Eguna antolatu du.
Atzo, herriko gaztetxoen txanda izan zen. Eguraldia lagun, Landaberri ikastolako LH6 eta Sasoeta-Zumaburuko ikastetxeko LH3 mailako haurrek Brunet mendiko hegalera txangoa egin zuten. Bertan astigar, pago eta haritzen baso autoktonoa sortzen ari da eta ernamuin hauekin osatzen saiatuko dira.

Landaketa

Eneko Urdanpilleta Lasarte-Oriako lorezainen buruaren azalpenak adi jarraitu ostean, taldeak egin, aitzurra hartu eta haritz eta urkiak landatzen hasi ziren ia atsedenik hartu gabe.
Hamaiketakoarekin indarrak berritu eta goiza bukatzerako 100 ernamuin landatu zituzten herriko gaztetxoek.
Era honetara, Ingurumeneko sailak, generazio berriak hezi nahi ditu gure basoak zaintzeko.

Helduak apirilaren 7an

Baina ez dira haurrak aitzurra eta lurra eskuetan izango dituzten bakarrak, apirilaren 7an helduen txanda izango baita.
Ingurumen sailetik azaldu digutenez, Helduen Heziketa Iraunkorreko Zentroko eta Euskaltegiko ikasleak, Erretiratuen Elkarteko kideek eta animatzen den orok beste 5o bat ernamuin landatuko dituzte.
Landaketa honetan parte hartu nahi dutenek Ingurumen sailarekin harremanetan jarri daitezke KIUB-eko 943 36 16 05 telefono zenbakiaren bidez, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:00etara.