19 ideia aurkeztu dira Gazteria eta Festak saileko ekimenera

Txintxarri 2009ko martxoaren 30a

Lasarte-Oriako gazteen artean parte-hartzea eta sormena bultzatzea eta, gazteentzako ekimenak aurkeztuz, komunitatearen garapenean inplikatzea da Udaleko Gazteria eta Festetako sailak martxan jarri duen Gazteideiak lehiaketaren helburua.
Ekimenak aurkezteko epea amaituta, hamar parte-hartzailek 19 ideia aurkeztu dituzte. Jesus Maria Zaballos saileko buruaren hitzetan, "udalerrian, momentu honetan, 14 eta 30 urte arteko 3.050 gazte gaude, eta guztiek jaso dute posta bidezko gonbidapena lehiaketan parte hartzeko, baina hamar besterik ez dira animatu".
"Gazteria eta Festetako sailaren nahia da gazteak baloratzea eta beren iritzia kontuan hartzea, baina hau bezalako ekimen parte-hartzaileak planteatzen ditugunean inplikazio txikia topatzen dugu", gaineratu du.
"Ideien helburuari dagokionez, Lasarte-Oriako populazio gaztearengan zuzeneko eragina izan dezaketenak edo hiriaren eraikuntzan gazteek parte har dezaten ahalbidetuko dutenak behar zuten izan. Parte-hartzaile guztiek ez dute horrela ulertu, baina dena den, proposamen guztiak kontuan hartuko dira", azaldu du Zaballosek.
Aurkeztutako proposamenak epaimahaiak aztertuko ditu orain eta bost ideiarik onenek 100 euroko saria jasoko dute bakoitzak. Ondoren, ideia sarituak praktikan jarriko ditu Gazteria eta Festetako sailak.
"Gazteideiak lehiaketa proiektu ona da eta horrekin jarraitzeko asmoa dugu, hurrengo edizioetan parte-hartzea gehitu dadin espero dugularik," aipatu du Gazteria eta Festetako saileko buruak. •