Abian da Korrika!

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 30a

Lehengo ostegunean hasi zen Ongi Etorri lelopean Euskal Herri osoa zeharkatuko duen Korrika. Gure herria lekukoa hartzeko prestatzen ari da. Lehenengo ekintza Korrika aurkezpen gala izan zen.
Maider Segurolak aurkeztutako galari, helduen dantza garaikideko taldeak eman zion hasiera. Betagarriren Korrikako abestiak Manuel Lekuona kultur etxeko aretoa bete zuten herritarrak dantzan eta kantuan jarri zituen. Jalguneko kideek sagardotegi batera eraman zituzten nazio desberdinetako lagunak euskaldun bezala bataiatuak izateko. Porrotx eta Marimototsek Venezuelako bi laguntxo, Melani eta Angeli, igo zituzten oholtzara magia egiteko eta Ludotekako haurrek pailazoekin batera Paketume eta Maite zaitut kantuak dantzatu eta abestu zituzten.
Arropa desfilea ere egon zen. Herriko gazteak Korrikako arropa eta osagarriak erakutsi zituzten modako ibiltoki bihurtu zen areto eta oholtzan.
Ongi etorri da aurtengo leloa eta David Egizabalek, Bixente Beltranen laguntzaz, guztiei, euskaldun zaharrei, euskaldun berriei, bertakoei eta atzerrikoei Agurra dantzatu zien.
Ane Labakak Unai Muñoa gonbidatu zuen bertsoen bidez Korrika egitera eta euskara ikasten ari diren atzerritarrei ongi etorria eman zien.
Gazteen dantza garaikideko taldeak bere malgutasuna eta sasoia erakutsi zuten Aretha Franklinen Think doinua dantzatuaz.
Ondoren, apirilaren 2an osteguna lekukoa hartuko duten talde desberdinek peto eta kilometroak jaso zituzten Olatz Urdanpilleta Lasarte-Oriako AEKko zuzendariaren eskutik .
Xumela koruak Oihan beltzian eta Nire aberria kantuak eskaini zituen eta galari bukaera emateko, berriro ere guztiak dantzan eta kantuan, Porrotx eta Maromototsek Xumelarekin batera Epoitaitaye abestu baitzuten.” •