Korrika Txikia
Egunean bertan, ostegunean, Korrika Txikia egitea adostu da herriko ikastetxeekin. Goizeko 10:30ean hasiko da Zumaburuko elizaren parean; Sasoeta auzora igoko dira, Donostia etorbideko sarreran dagoen errotondan buelta eman, Pablo Mutiozabal kaletik sartu eta bukaera Okendon emango zaio. Korrika Txikia amaitzerakoan haurrei esnekiak banatuko zaizkie edateko. Hainbeste korrika egin ostean eskertuko dute.
Okendon Amalur taldeak eta Jon Lasak girotuko dute ederki festa. Gainera Amarauneko laguntxoren bat ere azalduko da haurrekin batera Korrika 16 ospatzera. 12:00ak aldera emango zaio haurren Korrika Txikiari amaiera.
Korrika Nagusia
Aurtengoan Urnietatik etorriko da Korrika, arratsaldeko 14:45ean. Lasarte-Oriak Mendiokerreko bidegurutzean hartuko du lekukoa. Herriko hainbat kale eta auzo zeharkatu ondoren eta lekukoa eskuz-esku ibili eta gero, Zubietatik Usurbilera joango da Korrika. Gutxi gorabehera arratsaldeko 16:00etarako amaituko da korrika saioa eta seguruenik jendea bilduko denez, antolatzaileek zerbaiten beharra ikusten zuten eta erromeria antolatu dute. Sagardoa egiten saiatuko dira Okendon Otegi sagardotegiari eskerrak, “eskerrak eman nahi diegu, zerbait eskatzen diegun bakoitzean laguntzen baitute”. Gero pintxo batzuen laguntzaz sagardo hori dastatzeko aukera izango da. Gero Amalur trikitixa eta pandero taldeak erromeria eskainiko du.
Ibilbide aldaketa
Aurten ibilbideak aldaketa batzuk izan ditu. Antolatzaileen esanetan, “errepide nagusia arriskutsua da. Korrika iristean babestua zaude eta udaltzainen edo ertzainen laguntza duzu, kotxeek abiadura moteltzen dute, baina lekukoa hartzen den lekua iluna da eta oso arriskutsua da bertan egotea. Horregatik erabaki genuen menditik etortzea”. Harrigarria bada ere, baina kilometro kopuru berdina egingo da. Korrikaren 16. edizioak 8 kilometro egingo ditu Lasarte-Orian.
Ziberkorrika
Olatz Urdanpilletak esan digunez, Korrikarekin batera beste zenbait lekutan korrika parekoak egiten omen dira. Bartzelonan edo, euskaldun talde bat omen dago beraien korrika partikularra antolatzen dutena, Irlandan ere egin izan da Dublinen edo.
Aurten inork ez omen die deitu, baina behin Iruñeako auzoko batekoek deitu zieten hemendik Lasartetik Korrika pasatzen zen egunerako kilometroa erosteko. Orduan, lehenik korrikan parte hartu, gero sagardotegira afaltzera eta azkenean hemen egin zuten parranda, Lasarte-Orian. Gauza bitxiak lortzen ditu Korrikak!
Antzerkia eta erakusketa Jalgin
Baina Korrikako edizio hau ez da bukatuko Lasarte-Orian ostiralera arte. Izan ere, Jalgi kafe-antzokian Kandido Uranga aktorearen emanaldia izango da. Orain txakurrek haginka egingo didate antzezlana taularatuko du.
Aurreko edizioetan ohitura den bezala, aurten ere Korrika 16ko edizioaren argazkiak izango dira ikusgai Jalgin apirilaren 3tik 15a bitartean.•