Ongi etorri euskarara

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 30a

Kanpotik euskarara hurbiltzen direnen omenez Ongi etorri "euskaraz bizi nahi dugunon herrira" leloa aukeratu du Korrika 16k. Egun hauetan, ongi etorri beroa eskaini nahi zaie, euskaldundu nahi dutenei, horretan ari direnei eta euskara berreskuratzeko lanean parte hartzen duten guztiei. Horien artean dira Euskal Herrian bizi diren etorkinak ere eta guk kanpotik etorri eta euskara ikasten ari direnak ekarri ditugu orriotara: Muntteri, AEK-k Lasarte Orian duen euskaltegian ikasten ari diren hiru kanpotar, Mallorkako Ariadna, Txileko Lilian eta Kordobako Marian Villena. Ikasgelara sartu aurretik gure galderei txintxo-txintxo erantzun diete.

Euskaldunok ongietorria egiten diegu gure herrira, gure etxera, gure artera datozen lagunei. AEK-k berdin egin nahi du Korrika 16rekin: ONGI ETORRI! handi bat luzatu nahi die euskararen berreskurapenean lagundu behar duten erakunde guztiei, euskalgintzan dabiltzan guztiei, euskaltzale guztiei, euskaldunei eta euskaldundu nahi duten guztiei, bertokoei eta kanpotik datozenei". Hau da Korrika 16 honetan antolatzaileek zabaldu duten mezua.
Egia esan estimatzeko eta eskertzekoa da etorkinek euskarara hurbiltzeko egiten duten ahalegina.

Sekula ez da berandu

Marian Villena andaluziarraren kasua berezia da. 44 urte ditu eta duela 37 urte heldu zen Euskal Herrira Kordobako Priego herrixkatik. Umea zela iritsi zen, beraz; aurretik aita etorri zen lanera eta haren aurretik honen anaiak, bere osabak alegia.
Hemen 35 urte bizi eta gero, duela hiru urte hasi zen euskara ikasten, Marianek berak aitortu digunez: "Sentitu egin nuen euskara ikasi behar nuela. Hori esaten diot neure buruari eta horixe esaten dut, 35 urte behar izan ditudala hori sentitzeko, maitatzeko eta amorrua ematen dit, aurretik ere hasi nintekeelako".
Hirugarren urtea du Marian Villenak euskara ikasten, AEKn hasi zen, gero Udal Euskaltegian egon zen eta berriro itzuli da AEK-ra, Muntteri euskaltegira.
Ikasketa prozesua zaila dela dio, "zaila bai baina ez dut ezinezko ikusten, ezer ez da ezinezkoa eta ea lortzen dudan. Saiatzen naiz, ez agian nahiko nuen beste, baina denbora eskainiko diot, saiatua, tematia izan behar da".
Erizain laguntzailea da eta lantokian euskara erabiltzeko aukera du. "Gaizki edo ondo aritzen naiz Zaharren Etxean" esan digu.
Dena den, laneko presiorik ez du izan ikasteko: "ez naute derrigortu lanarengatik eta gainera erizaintzako sindikatuak aspalditik aritu gara euskarazko klaseak eskatzen. Baina eskatzen genuen langile kopuruaren menpe zegoen eta ez ginen asko. Nik beharra sentitu nuen eta euskategira jo nuen orduan. Euskara ikasten hasi eta mutil euskaldun batekin ere hasi naiz. Jakin izan banu agian lehenago hasiko nintzateke. Horrelakoa da bizitza" kontatu digu.
Marian Villenaren iritziz Ongi Etorri leloa "egokia eta egungoa" da, "bizi dugun egoerari dagokiona. Lehenago ere erabil zitekeen, ez da eta berria, etorkin batzuk aspalditik gaude hemen, baina ondo dago". Badaki zer den korrika, baina ez du sekula aktiboki parte hartu eta aurten beste era batera biziko du, noski.

Katalana eta euskara

Ariadna Gómez, aldiz, duela urteterdi iritsi zen Mallorkatik Lasarte-Oriara, eta ordutik euskara ikasteko ahaleginean dihardu. Berak argi du "Mallorkakoa izanik, han katalana ere hitz-egiten da, beraz, nik gazteleraz aparte beste ama hizkuntza bat ere izan dut eta uste dut hizkuntzak zaindu egin behar direla. Euskara hemengo hizkuntza da eta zaindu egin behar da".¨

Calviá Mallorkako herrikoa, 27 urterekin bere bizitzari beste norabide bat eman dio. Bikotea hemengoa du eta Ariadnaren helburua euskara ikastea da: "Espero dut egunen batean hitzegingo dudala". Inguruan badu gero norekin aritu, baditu inguruan euskaldunak, bere bikote eta haren familiarengandik hasita.
Ondo iruditzen zaio, korrikaren leloa, bera bezalakoei "ongi etorria" ematearena. Orain jakin du zer den korrika, "azaldu didatelako eta irratian entzun edo telebistan ikusi dudalako. Oso ondo dago, euskara jendearengana hurbiltzeko beste modu bat da" Ariadnaren iritziz. Dena den, hitz egitea kostatzen zaio gehiena, Ariadna berak azaldu digunez, momentuz "hori da zailena, batez ere, lotsarengatik, gaizki egitearen beldurrez lotsa handia ematen didalako".
Irakurri errazago egiten omen du, hala ere, euskara ikasteko hizkuntza zaila dela esan digu euskaltegian: "euskarak ez daukalako gaztelera edo katalanak duten jatorri berbera" baina "lasai hartu behar da" dio irrifarrea galdu gabe.

Lana eta euskara

Ingrid Lilian Sanmartin txiletarra Marian eta Ariadnaren gela berean ari da euskarazko lehen ikasgaiak hartzen. Hirurek erabaki dute euskara ikastea, baina ez da kasu eta egoera berbera. Ingrid bakarrik etorri da eta bi arrazoi eman ditu euskara ikasteko, batetik lana lortzeko edota bertakoekin komunikatzeko beharrezkoa delako eta bestetik edozer ikastea delako bere zaletasun nagusia.
Hala ere ez da erraza lana eta ikasketak uztartzea. 41 urteko emakume bizi hau 2006 otsailean heldu zen Donostiara Temuco Txileko hiritik eta bi hilabete eta erdian oinarrizko ikastaro batean aritu zen, "eguneroko gauzekin lotutako gauzak ulertzen hasteko, baina ordutegiengatik ezin izan nuen segi eta zorionez aurten Lasarte-Oriann bertan AEK-ko euskaltegian iluntzetan euskara ikasteko aukera izan dut".
Ingridek esan digunez, gustura ari da euskara ikasten, "batetik beharrezkoa delako, lana lortzeko edota ingurukoekin harremanetan jartzeko baina bestetik baita edozer delaere, ikastea nire zaletasunetako bat delako".
Zailtasunei aurre egiten dien emakumea da, zalantzarik gabe: "Hemen agian nire izaerarengatik beste batzuei baino gutxiago kostatu zait gauza berrietara ohitzen baina zailtasun asko gainditu behar dira; hala ere gustura nago".

Irakasle dinamikoa

Lasarte-Oria ko AEKren eskaintza goraipatu du, eta euskaltegian oso pozik dagoela esan digu, "oso irakasle dinamikoa tokatu zaigu. Izan ere ez da erraza egun guztian lanean pasa eta gero, nekatuta, euskaltegira etorri eta euskara ikastaroan adi izatea. Ikaskideak ere jatorrak dira eta oso pozik nago".
Euskara ikasteko interesa badu Lilianek, baina zaila egiten zaio, denbora asko ere ez duelako. "Zaila da oinarri bat eduki bitartean, lexikorik ez dut oraindik ez dut ia euskarazko hitzik ezagutzen, baina denbora pasa ahala hobeto dihardut. Ez dut denbora libre askorik gainera, etxean ikasiko dut esateko. Zailena, esaldien ordena, aditzak,... dena gaztelerarekin lotu behar dut. Baina iritsi nintzen garaiarekin alderatuz asko aurreratu dut" esatean argi erakutsi zigun bere zintzotasun eta bere baikortasuna.
Haurrak zaintzen ditu txiletarrak eta horiekin jada hasi da erabiltzen: "Dakidana erabiltzen dut eta zerbait gaizki esaten badut zuzendu egiten didate gainera".
Txiletik atera eta Euskal Herrira etortzeko bi arrazoi aipatu zizkigun, batetik aukera izan zuelako atera zen, eta bestetik toki berriak ezagutzeko zuen gogoarengatik: "zergatik ez dakit baina txikitatik uste nuelako zoriontasuna Txiletik kanpo izango nuela". Eta hemengo zenbait gauzek harritu egin dute.
Egunkarian ikusi du zer den korrika, ez du ezagutzerik izan, baina polita iruditzen zaio. Liluratu zuten gauzatako bat horixe da, "oro har, hemen jendeak edozertan parte hartzeko duen joera, zaharrenetik hasi eta txikienera, denak".
Euskara ikasten ari direnei ongi etorri esatea, Korrikarren leloa polita iruditu zaio. "Atsegina da kanpotik datorrenari ongi etorri goxoa eskaintzea". •