LOKEko judokek uzta jasotzen jarraitzen dute

Txintxarri Aldizkaria 2009ko apirilaren 1a

Emaitza desberdinak izan dituzte LOKEko judokek lehengo asteburuko lehiaketetan. Beñat Elizalde eta Julen Sasiainek Espainiako txapelketetarako sailkapenak lortu dituzte eta Esteban Martinez eta Mario Garrido infantilek ez zuten zorte onik izan Borroka olinpikoko Espainiako txapelketan.
Emaitzarik garrantzitsuena, Beñat Elizaldek Zaragozan Espainiako txapelketako Iparraldeko kanporaketan lortutako bigarren postua izan da.
Gorka Aristegi entrenatzaileak azaldu digunez, “bere 3 borrokak iponez irabazi eta gero, finala galdu zuen gauzak frogatzen zegoenean.” Beñaten lana azpimarratu eta lehenengo helburua bete dutela aipatu du. “Orain bigarren helburua lortzeko lan egin behra dugu, Madrilen.domina lortzea,” adierazi du LOKEko entrenatzaileak. Izan ere, apirilaren 18 eta 19an, 23 urte azpiko Espainiako txapelketan lehiatu beharko baita Beñat.
Era berean, Julen Sasianek Unibersitate mailako Euskadiko txapelketan parte hartu eta Alacanten maiatzaren 17an lehiatuko den Espainiako finalerako sailkatu zen.

Borroka Olinpikoa

Bestalde, Esteban Martinez eta Mario Garrido Bartzelonan egon ziren borroka Olinpiko modalitateko Infantil mailako Espainiako txapelketan. “Ez zuten zorte handirik eduki. Estebanek sukarrarekin parte hartu eta galdu zuen. Mariok nahiz eta oso ondo egin, brontzea gutxigatik galdu zuen,” aipatu du Aristegik.