Hau aurkitzeko bi proba daude, kolonoskopia eta odola gorozkietan zehazteko proba. Proba hauen eraginkortasuna eta balio alderatzeko, bi urtean zehar Lasarte-Oriako osasun zentroak eta Donostiako Poliklinikak ikerlana egin eta, era berean, gure herritarren osasunaz zainduko dute. Luis Bujanda doktoreak, ikerketaren koordinatzaileak honen berri eman zuen Manuel Lekuona kultur etxean Osasun jardunaldien baitan urrian egin zen hitzaldian, baina behin ikerketa martxan dagoela Mª Luz Jauregi Osasun Zentroko zuzendariarekin hitz egin dugu datu gehiago jakiteko.
Minbizi hau ez da bat batean ateratzen. Polipoa ateratzen da lehenik eta hori minbizian bilaka daiteke 12 urteren buruan. Horregatik da hain arriskutsua minbizi hau.
Faktore desberdinek eragin dezakete polipo eta minbiziaren sorreran. Adina da gehienetan garrantzitsua, kolon minbizia duen pertsonen %90a 50 urte baino gehiago du eta noski, zenbat eta urte gehiago, gero eta minbizia izateko aukera gehiago. Bestalde, ingurugiroko faktoreak ditugu. Gaur egungo bizitzak osasuntsuak diren hainbat ekintza alde batera uztea dakar eta honek gaixotasun ugari sor ditzake. Honela, dietan koipe gehiegi kontsumitzeak, obesitatea izate, kolesterola, hipertentsioa, bihotzeko arazoak, ariketa fisiko gutxi egitea edo fibra kontsumoa txikia izatea dira kolon minbizia sortu dezaketen faktoreak. Eta azkenik, faktore genetikoak daude.
Probak
Hainbat Erakunde Internazionalek kolon minbiziko probak egiteko bultzatzen dituzte hiritarrak, nahiz eta sintomak ez izan.
Minbiziari aurre egiteko prebentzioa hiru multzotan bereizten da. Batetik lehen mailako prebentzioa dago, prebentzio modura kontrolak egiten dituen jendea sartzen da bertan; bigarren mailako prebentzioa sintomak izan edo aurrekariak dituztenak eta diagnosi goiztiar bezala kontrola egiten duen jendea dago eta, azkenik hirugarren mailakoa minbizia izan duena eta kontrolak egiten jarraitu behar duena.
Sintomarik gabe egin daitezkeen probak hiru dira odola gorozkietan zehazteko proba bi urtetan behin, sigmoidoskopia bost urtean behin eta kolonoskopia hamar urtean behin.
Sintomarik duenak, odola gorozkietan edo epe luzeko sabeleko mina, edo familian koloneko minbiziko aurrekariak dituenak kolonoskopia egin behar du.
Azterketa klinikoa
Horretarako Estatu mailakoa azterketa klinikoa egingo da zentro desberdinetan, Murtzian, Katalunian, Madrilen etab. egingo da. Guztira, 55.000 pertsona izango dira eta Euskal Herrian Lasarte-Orian egingo da. Gure herriak duen biztanle kopuru homogeneogatik izan da aukeratua. Gainera, esate baterako, Donostiako Ospitalean urtean 200 kasu badaude kolon minbizikoak, 13 kasu Lasarte-Oriakoak dira eta minbiziagatik 1000 pertsona hiltzen badira, 6 pertsona herrikoak dira.
Lasarte-Oria eta Donostiako Poliklinikaren lankidetzaz eramango da aurrera ikerketa. Honela, Mª Luz Jauregi eta Luis Bujanda digestio-medikua dira koordinatzaileak eta hauetaz gain, erizaina eta idazkari bat egongo dira anbulatorioan lanean eta poliklinikan endokopista eta anestesista bat, bertan egingo baitira kolonoskopiak.
Mª Luz Jauregui doktoreak azaldu digunaren arabera, ikerketak bi urte iraungo ditu eta tarte horretan 50 urtetik 69ra arteok 4708 lasarteoriatarrei jakin araziko diote ikerketaren berri. Ikerketatik kanpo geratzen dira minbizia duten pertsonak, hesteetako arazoak dituztenak edo familian aurrekariak dituena.
Egun 503 azalpen eskutitza bidali dituztela aurreratu digu Jauregi doktoreak, hauetan ikerketaren berri ematen zaie eta azalpen txiki bat. Horietatik, 183 herritarrei bigarren eskutitz bat bidali zaie, parte hartzeko gonbita egin eta zein proba egokitu zaion esanaz. Izan ere, guztiek ez baitute proba bera egingo, hauetatik 102k odola gorozkietan zehazteko proba dute eta 81ek kolonoskopia.
Aukeratutako herritarrek anbulategira deitu edo hurbildu behar dira 9:00etatik 13:00etara erizainarekin ordua zehazteko, honek odola gorozkietan zehazteko proba azaldu edo kolonoskopiarako analisia eta elektroa egin eta prestakuntza azaltzen ditu. Izan ere, proba honetarako, hesteak garbitzeko dieta zehatza eta likido berezia hartu behar direla azaldu digu Lasarte-Oriako Osasun zentroko zuzendariak, baita kolonoskopietan anestesia erabiliko dela eta egiterakoan polipoa aurkituz gero, bertan kenduko direla ere.
Odola gorozkietan zehazteko probari buruz, bakoitzak etxean egin dezaken proba azkarra da eta egin ostean, osasun zentroko sarreran espreski jarri duten kutxa batean utzi beharko da.
Probak negatiboak badira kolonoskopia egin dutenek 10 urteren buruan egin ahal dute hurrengoa eta odolaren probaren kasuan 2 urte besterik ez dira.
Proba positiboa bada, odola gorozkietan zehazteko proba kolonoskopia egin beharko dute eta kolonoskopiakoak espezialistara bideratuko dira.
Era honetara, globalean minbizia aurkitzeko metodo hoberena eta merkeena aurkitu nahi dute. Horregatik lasarteoriatarren laguntza behar dute eta eskutitzez gain, kartelak ezarriko dituzte Lasarte-Oriako farmazia, kirol gune, kultur etxe eta Emakumeen Zentro Zibikoan herritarrek ikerketaren berri izan eta anima daitezen. •