Puntual iritsi zen 16. Korrika Lasarte-Oria eta lasarte-oriarrekin zuen hitzordura. Urnietatik zetorren lekukoa Sorgin Jaiak Batzordeko gazteen eskuetan utzi eta herriko kaleetan barrena ibili zen ordu bete baino gutxiago.
Lehenengo kilometroetan herritar gutxi ikusten baziren ere pankarta atzean, Korrika herrian sartu orduko joan zen jendea batzen eta erdialdean 600 bat lasarteoriatar korrikan zeudela, antolatzaileek pankarta handia atera behar izan zuten.
Udaleko zinegotziek, Erketz, Ostadar, Ezker Abertzaleak, Aterpea, Ttakun, Tripontzi jangela, zabaleta Auzolan, Landaberriko Guraso elkartea, ikastetxeak, Elkarte gastronomikoak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, LAB sindikatuak, AEK, Biyak Bat elkarteak, Argia eta Antzako ordezkariak izan ziren euren kilometroa egin eta lekukoa eraman zutenak.
Adin guztietako korrikalariak egon ziren: gazteek, helduek eta haurrek ere eraman zuten kasu batzuetan egurrezko lekukoa.
Aipagarriak Eulogio de la Sernaren sasoia, –Zabaleta auzolaneko zatia egin ostean, elkarte gastronomikoekin ere beste txanpa bat egin zuen–, eta ikastetxeetako lagunen erritmoa Zabaletako aldapan gora. Hala ere, guztiok izango dugu irudiren bat buruan.
Ziztu bizian pasa zen Korrika Lasarte-Oriatik. Argia eta Antzakoek Zubietako lagunei lekukoa ematean agur esan genion. Hala ere, Korrikaren jaiari amaiera ederra emateko, Okendo plazan barrikotea ipini zen. •