04_Fabrika bete elkarlan

jon-altuna 2009ko apirilaren 4a

Herriko sortzaileak atera ziren Lekuona Tailerreko oholtzara, lau bertsolari eta beste lau aktoreri Mundua Konpontzeko Tailerrean lanerako gaia jartzeko. Hasteko bi musikarik blues-a jo eta bertsolariek beraiekin kantatu zuten. Aktoreak, aldiz, festetako blusa eta jotzeko gogoarekin atera ziren. Edo Pilar Katalina sopranoak Maritxu Nora Zoaz kantatu, eta bertsolari zein aktoreak Maritxu-Bartolo bihurtu ziren, euren arteko harremanak kontatzeko.

Umorea hasiera-hasieratik egon zen presente larunbat arratsaldean Kultur Etxean burutu zen ikuskizunean. Janztea izan zen Mailu Arruti eta Enara Ieregik, aurkezle eta Tailerreko arduradunek, emandako lehen lana edo "enkargua" bertsolari zein aktoreei. Eta hor hasi ziren komeriak eta ikusleen barre algarak. Buzoak txikitxo zituzten edo alderantziz jantzi zituzten. Munduan gauza asko aldatzeko dauden seinale. Bertsolariek hiru buzo eta amantala jantzi zituzten, hain juxtu: Andoni Egaña, Andoni Otamendi eta Xabier Payak buzoa; eta Ane Labakak amantala. Lau bertsolari hauekin batera, Egoitz Lasa, Aitziber Garmendia, Intza Alkain eta Beñat Arroyo aktoreak aritu ziren, azken biak Landaberriko Antzerki taldekoak.
Baina beraiekin batera herriko hainbat "artista" izan ziren protagonista: lehen gonbidatuak Jon Altuna eta Karlos Aizpurua gitarrajoleak. Agurren ondorengo lehen bertsoak Xabier Paya eta Ane Labakak kantatu zituzten musikariekin batera, Bob Marley-ren No Woman No cry doinuan.

Karikatura bertsotan

Ondoren Zarauzko malekoian karikaturak egiten jarri zuten Andoni Egaña, aktoreek sei-zazpi lagun oholtzan paseatzen jarri eta gero, horien artean Evaristo Pikabea. Egañak honi karikatura egin zion lau bertsotan, kantatu eta segidan eskaintzarekin oparitu. Geroago, Egaña eta Payak ikusleen artean, segidilla doinuarekin egin zuten saioan; Evaristok kantuan erantzun zion Egañari, ikusleen txalo zaparrada beroa jasoz.
Hurrengo saioetan perkusioa nagusitu zen, Tomas Arruti eta Pontxok txalaparta jo zuten, Zarautz soinujolearekin batera. Ondoren Batukada taldekoek. Tartean bertsolariek entxufatuei edo tailer kanpoan erretzen duen langileari buruzko saio politak osatu zituzten, eta aktoreek erretzaileen terapia barregarria ere bai. Besterik zirudien arren, piromanoak ziren erretzeari utzi nahi ziotenak.
Publikoak gaia emanda, Egaña eta Paiak bertso bat bi ahotsetara abestu zuten, inprobisatzen dutela egia ala mitoa den erakusteko; eta ondoren kantatu zuena Pilar Katalina abeslaria izan zen. Maritxu nora zoaz eskaini eta herriko bertsolariak zein lau aktoreak Maritxu eta Bartoloren paperean aritu ziren. Azkenean, ikusle guztiak ere bai, gizonezkoek Bartolorenak abestu baitzituzten eta emakumezkoek Maritxurenak.
Azken gaia futbola izan zen, Egaña, Labaka eta aktoreentzat: "alabak futbolari izan nahi du". Aurretik Ostadar taldeko Lara Torinos eta Iraia Iparragirre futbolariek baloiari "toke" batzuk ematen hasi eta Egañak egin zuen erakustaldirik txalotuena. Bertsotan Egaña gehiena kezkatzen zuena, alaba gaztetxoa "tokerik toke" ibiliko dela.

Hamar minutu segidan

Jende artera jaitsi eta segidillarekin Egaña eta Payak egindako saio eta azken agurrekin amaitu zen ikuskizuna. Segidillan, isildu gabe, hamar minutuko saioa osatu zuten, bukaeran ikusleen txalo "batukadaren" laguntzaz.
Ttakun eta bertso eskolak aurreratu dute saio berezia urteroko zita bihurtu nahi dutela. Iazko Barrenak astinduz eta aurtengo Mundua Konpontzeko Tailerra proposamenek herriko kultur taldeen eta ikusleen parte hartzea zuten helburu, eta zalantzarik gabe ekimen arrakastatsuak izan dira. Baina hurrengo urteko zitaren aurretik beste hiru badira: maiatzaren 23an Lasarte Oria Andoni Egañaren aurka desafioa; ekainaren 29an sanpedrotako saioa; eta urriaren 3an Patxi Etxeberriari omenaldia.