Kukua entzun zuten Oinaztarrek Usategietan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko apirilaren 5a

Oinatz taldearen azken irteera borobil atera zen. Aurrez pentsatuta bezala martxoak 30 igandean goizeko 9:00tan zintzo atera ziren Bortzirietara.
Usategieta gaina lainoak hartua zegoen baina pixkanaka-pixkanaka eguzkiak borroka irabazi eta zerua erabat urdindu eta Sara aldea ikusten utzi zien .
Usategietako ehiza teknikak zertan diren bertan argitu eta mendi bueltaxka egiten ari zirela jabetu ziren udaberria ate joka dagoela. Hala esan zien behin eta berriz entzun zuten kukuak.
Kukuaren kantua entzuten eta patrikak diruz josiak zituztenez, urte guztirako dirua ziurtatua daukate Oinatzeko kideek. Eta horrek bizi den krisi garai honetan lasaitasuna eman zien.
Kukuaren usadioa gogoratu eta batak bestea dakarrenez, zozomikoteen elezaharra ere berritu zuten gain hartan txorixo muturra jan aurretik.
Ondoren, Etxalarko herriari buelta bat eman zioten. Kalez kale bertako eraikuntza nagusiak ikusi zituzten, hala nola, Jasokunde eliza eta hilarri guztiak, Udaletxea, kultur etxea edo pilotalekua. Garai bateko Etxalar gogora ekarri zuten mugako herri hau historian zehar nola bizi izan den azalduaz.

San Juan Xar

Bertan bazkaldu eta ondoren San Juan Xarrera joan ziren. Arantzako bidean dagoen haitzulo eta iturri honetan sinesmenak dioen bezala zapi bat iturriko uretan busti eta azaleko eta urdaileko gaitzak sendatzeko egin behar den errituala egin zuten Oinatzekoek, baita bertan dagoen San Joan irudi ezohizkoa ikusi ere.
Autoak hartu eta Lesakarantz egin zuten gero. Han bertako udalak jarrita duen gida turistikoarekin hitzordua egina zuen taldeak eta hantxe zegoen Belen zintzo demonio.
Kideek azaldu digutenez, sarritan izanak ziren taldeko gehienak Lesakan baina zuku ederra atera zioten bisitari. Eraikuntza dotoreak jauregi moduko etxeak, historiari buruzko erreferentziak, eliza, ibaiak, eta ibai gaineko zubiak, dantza ezagunari erreferentziak, hau guztia, era paregabean azaldu zizkien Lesakako gidak. Honetaz gain, azoka zegoela baliatuz erosketak egiteko aukera ere izan zuten taldeko kideek.
Egun pasa bikaina egin zutela adierazi digute Oinatz taldekoek. Eta etxera gauza mordoa ikasita etorri ziren gainera.