Azterketaren berri izan ondoren, publiko egitea eta herritarrekin partekatzea erabaki dute, euren kezka adieraziz. Joxe Goikoetxeak adierazi zuenez, proiektu hau gauzatzen baldin badute, Lasarte-Oriako nekazal edo mendi lur guztiak desagertuko dira. Aipagarria da Lasarte-Oriako Udalak industrialde bat eraikitzeko asmoa behin eta berriro landu duela eta Teresategiko lurren erdia baino gehiago erosita dituela. Dena den, Teresategin industrialdea jartzeko derrigorrezkoa izango da arau orokorrak aldatzea.
Bertako bizilagunek eta herritarrek ere euren kezka adierazi zuten bileran. Kaltetu batek adierazi zuen Teresategin industrialdea jartzeko bigarren egitasmo hau, lehenengoa baino suabeagoa dela, baina hala ere onartezina.
Duela urte batzuk atzera bota zen lehen proiektuak Teresategiko gaina kendu eta espazio guztia industria eremurako erabiltzea proposatzen zuen. Oraingoan, muinoa mantendu egingo da baina industrialdeak inguratu egingo du. Lasarte-Oria Bizirik taldeko kide batek adierazi zuenez, hau egiten bada, Teresategi irla bat izango da eta txoriak izan ezik ez da mendiko beste animaliarik ere izango isolatuta geratuko delako.
Bideragarritasun txostena
Teresategin industrialdea jartzeko bigarren azterketa hau 2008. urtekoa da eta hainbat arlo jorratzen ditu. Bileran batzuk aipatu ziren, esaterako balio edota gastua, 106 milioi eurotik gorakoa dela eta lur mugimenduak, guztira 851.955 metro kubiko, horietatik ia heren bat harkaitza. Bideragarritasun txostenean adierazten denez, aurrekoan baino gutxiago dira. Industrialdea eraikitzeko aurrekontua, 61.482.930 eurokoa da txostearen arabera, azpiegitura eta urbanizatze lanena, 30.978.428 eurokoa eta lur-sailen erosketarena 13.814.235 eurokoa, guztira 106 milioi euro baino gehiago.
Finantzatzeko kostu handia zela eta bota zen atzera lehenengo egitasmoa, batez ere, eremuak zati batean harkaitza duelako eta bestetik eraikitzen ari diren Donostiako bigarren saihesbidearen azpitik Lore Tokira irteera egiteko proiektuak garestitu egiten zuelako.
Mendia, parke berde
Ondorio hauek ikusita enkargatu zen bigarren azterketak badu berrikuntzaren bat. Teresategiko pinuak eta gaina bere horretan geratuko dira: 35.000 metro karratuko zati hori parke berde gisa definitzen dute eta inguratuta egongo da, mendebaldetik autobide berria izango du eta beste hiru aldetatik industrialdea.
Industrialdetik, loturak egingo dira Goiegi eta Zabaleta aldera. Hain justu bi auzo hauetan egingo diren etxebizitza multzo berriekin lotuko da industrialdea, Zabaleta Berriko eta Goiegi Ibarreko etxeekin. Goiegi goian eraikiko den Hotelera bide bat ere egiteko asmoa dago, beti ere azterketaren arabera.
Industrialdea sei zatitan banatuta jartzen dute bakoitza bere sarrera eta aparkalekuekin. Txikiena, 5.425 metro karratukoa da eta handiena 11.940koa. Guztira 54.465 metro karratu izango ditu industrialdeak aurreikuspenen arabera. Horietatik parte batean industria enpresak jarriko lirateke eta beste batean bulegoak.