Ur eteteak eta hausturak jasan dira egunotan

Txintxarri 2009ko apirilaren 6a

Martxoaren 27an, ostirala arratsaldean, ia sei mila lasarteoriatar geratu ziren urik gabe Donostiako 2. ingurubideko lanen ondorioz Belartzako ur-biltegitik herriko hainbat auzoetara doan ur hodian haustura bat izan zelako.
Egunean berean, konpondu bazen ere, honekin bost dira ingurubideko lanak hasi zirenetik hausturagatik sortu diren ur eteteak eta Lasarte-Oriako ur hodiaren kasuan, bitan gertatu da, uztailean lehenengoa eta martxoaren 27koa bigarrena.
Gainera, hautsitako ur hodia ezarri zenetik ez da urte bete igaro. Orduan, bigarren ingurubideko proiektua prest zegoen eta arazoak egon ez zitezen ur hodia sakonago lurperatu zutela adierazi du Añarbeko Ur Mankomunitateak.
Gauzak honela lanek jarraitzen duten bitartean herritarrei zerbitzu duina emateko ahalegin guztiak egingo dituela jakinarazi du Mankomunitateak.

Ur etetea

Horregatik, lehengo astean oharrak ezarri zituzten etxebizitzetan ostegunean edateko ura moztu egingo zela jakinarazteko. Honela, ostegunean udalerriaren eremu handi batean ur gabe egon ziren gaueko 22:00etatik ostiraleko 7:00etara.