Herritar ugari Aste Santuko ospakizunetan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko apirilaren 17a

Aste Santuko oporraldi hauetan, batzuk kanpora joan dira eta beste batzuk, berriz, herrian gelditu gara, herria zaintzen.
Bertan gelditu direnen artean jende ugarik parte hartu du Lasarte-Oriako eliza ezberdinetan burutu diren ospakizunetan.
Ospakizun nagusienak ostegun Santu egunean hasi eta larunbat Santu egunean bukatu ziren.
Ostegun Santuko Meza Nagusiak Jesusek apostoluekin ospaturiko azken afaria ekartzen digu gogora; Ostiral Santu egunean berriz Jesusen pasioa eta larunbat Santu egunean Jesusen berpizkundea ospatzen dira.
Ospakizun guzti hauek S.Pedroko parrokian, Arantzazuko Amaren parrokian eta Brigitarren komentuan ospatu dira.

Bertan behera
Eguraldiak beti bezala bere protagonismoa nahi izaten du eta oraingoan ere horrela izan da.
Ostegun Santuan eta Pazko astelehenean eguraldi bikaina egin zuen arren, ostiralean iragarpenek zioten bezala, euria nagusi izan zen egun guztian.
Hori dela eta, gure herrian ohitura handikoak diren Kalbario bideko eta Azkorteko Gurutze bideak bertan behera gelditu ziren.
Hala ere, eliztarrak ez ziren Gurutze bideko otoitzik gabe gelditu. Izan ere, bai San Pedro elizan, baita Arantzazuko Amaren elizan ere Gurutze bideak eliz barruan ospatu baitziren.
Ostiral Santu eguneko Gurutze bidean Jesusen heriotzagatik egin zen otoitz eta larunbat gauean eta Pazko igandean Jesusen perpizkundearengatik. Pazko igandean urte liturgikoko lehenengo bataioak ere ospatu ziren.