Bihar hasi eta apirilaren 25a arte iraungo dute XI. Jardunaldi Internazionalistak. Hala azaldu zuten prentsaurrekoan, asteazkenean Komite Internazionalistak eta Askapena taldeko kideek.
“Hamaika urte dira jarraian, ez dugu kalerik egin eta Lasarte-Orian jardunaldiak sendotzea lortu dugula uste dugu”, adierazi zuten antolatzaileek, “hau ez da antolatzaileen esker bakarrik, herriko taldeek ere errua dute. Guztiei eskerrak.”
Kuba, Afrika eta Palestina
Aurten Kubaren 50. urteurrena ospatu nahi izan dute antolatzaileek eta honela kartela Kubaren omenez egin dute.
Gainera, biharko hasiera ekitaldia festa kubatarra izango da. Honen, ostean, 22:30ean, Jalgi Kafe antzokian Makulu Ken talde lasarteoriatarraren erritmo beroak entzuteko aukera egongo da.
Astelehena eta asteartean arratsaldeko 19:30ean, hitzaldiak antolatu dira Manuel Lekuona Kultur etxean.
Astelehenean, hitzaldi aretora hurbiltzen den orok Palestinako egungo egoerari buruz jakiteko aukera izango du, bertan brigadista lanetan egon den Fernando Garateri esker.
Asteartean, berriz, Rep. Dem. Congo: Guerra y recursos naturales hitzaldian Kongoko egoera aztertuko da. “Era honetara, Afrikako herrialde desberdinek dituzten arazoak pixkanaka ezagutu arazi nahi ditugu,” aipatu zuten antolatzaileek.
Horregatik, ostegunean Afrikako beste herrialde bat aztertuko da, Sahara. Xirimiri Elkartean 19:30etan Saharatik garrasia dokumentala ikusiko da eta ostean, solasaldia egingo tea dastatzen den bitartean.
Antolatzaileek esandakoaren arabera, “Saharako gatazkako errealitatea osoa ikusteko balio du, kanpamenduetako eta lurralde askatu, zein okupatuetako herritarren errealitatea islatzen baita.”
Eta, ohitura denez, Jardunaldiei bukaera era ezin hobean emateko afari herrikoia egingo da Xirimiri Elkartean apirilaren 25ean, larunbata.
Txartelak 15 euro balio ditu eta menua entsalada mistoa, basurdea eta postre kamerundarra osatua egongo da. Hauek, Jalgin eta Xirimirin aurkitu ahalko dira hurrengo astean.
Erakusketa eta zinema
Honetaz gain, astean zehar Jalgi Kafe antzokian argazki erakusketa egongo da, Beste aldetiko begiradak.
Enrique Pimoulier argazkilariak indigenen begiradak aurkezten dizkigu, batzuetan zuzenean eta besteetan lanean ari direla.
Era berean, osteguna 23an, Okendo Zinema Taldeak Che: El Argentino filma eskainiko du XI. Jardunaldiekin bat eginez.