Gaur arratsaldean Multimusikala elkarteak antolatuta Hortera eguna ospatuko da Lasarte-Orian.
18:30etan hasi eta ordu txikiak arte, kalejira, afari herrikoia eta musika kontzertuak egongo dira Oriako pilotalekuan. Eta, gainera, ahal duzuen horteroen janzteko aukera duzue.
Egitaraua
Honela, arestian esan bezala, 18:30ean hasiko da festa. Horteroen kalejira erdigunetik abiatuko da ordu horretan eta poteoa egingo da Zumaburun Oriara bidean.
Pilotalekura iristean indarrak berreskuratzeko txanda izango da eta horretarako prest izango dute afari informala.
Afal ostean, kontzertuez gozatzeko aukera egongo da. Bartzelonatik datorren Raganath taldearen eskutik rumba eta Brasilgo saltsa nahiz merenge doinuak entzun ahal izango dituzte pilotalekura hurbiltzen direnek.
Eta doinu gogorragoak gustuko dituztenentzat Aurka eta Despervicio herritarrek ere eskainiko dituzte abesti batzuk.
Ondoren, Hortera Guatekea antolatu dute eta bertan, besteak beste, Miss eta Mister Hortero aukeratuko dira edo karaokean abesteko aukera izango da ia egunsentira arte.
Multimusikalerako dirua
Honen guztiaren helburua, abenduan ospatuko den Multimusikala antolatzeko dirua biltzea da.
Beraz, ez huts egin. Utzi lotsa alde batera eta atera armairutik gurasoen jantzi zaharrak edo inoiz janzten ez duzun alkandora edo gona. Multimusikalaren alde, izan zaitez hortero egun batez!!! •