Partehartze handia eta nazioartekoa

Txintxarri 2009ko apirilaren 17a

83 parte-hartzaile aurkeztu dira Gazteria eta Festetako sailak antolatzen duen musika maketen bigarren ediziora. lehenengo edizioan 24 taldek parte hartu zuten, beraz, izandako harrerak erakusten duenez, lehiaketak sendotzeko eta finkatzeko bidea darama.
Lehiakideen artean Lasarte-Oriako bost talde daude eta Eusko Autonomi Erkidegoko 15. Granada, Sevilla, Valentzia, Madril, Bartzelona, Las Palmas, Zaragoza edo Murtziako artistak ere aurkeztu dira eta nazioarteko ordezkariak ere baditu lehiaketak, izan ere, Santiago de Chile eta Buenos Aireseko bi talde aurkeztu baitira.
Berrikuntza moduan, Gazteria eta Festetako sailak Facebook bezalako gizarte-sareen bidez iragarri du ekimena, baita musikan espezializatutako orrialdeetan ere.
Orain epaimahaia batu eta sariak banatzea besterik ez da geratzen. Maketarik onenak 1.000 eurotako saria jasoko du metalikoan eta 700 eurotako Lasarte-Oria saria ere emango du. Antolatzaileek azaldu dutenez, maketa berdinak ezingo ditu bi sariak jaso. Eta, honetaz gain, bi irabazleek San Pedro jaietan kontzertua eskaintzeko aukera izango dute.