Udalaren bideo-maketan etorkizuneko hirigintza asmoak erakusten dira

jon-altuna 2009ko apirilaren 17a

Ondorengo urteetan Lasarte-Orian burutuko diren hirigintza egitasmo nagusien errepasoa egiten du Udalak Kultur Etxean zein bere web orrialdean erakusteko jarri duen maketa birtualean. Lasarte-Oriako hiria eta proiektu hauek zerutik begiratuta ageri dira pelikula eta irudietan. Guztira auzo ezberdinetan bi mila etxebizitzatik gora eta Goiegi gainean Hotela eraikiko dira hiri antolamendu arau orokorren arabera, horietatik ia mila, babestuak eta 1.200 baino gehiago libreak. Gainera, egitasmo guztien bideo eta irudi birtualekin batera plano eta etxebizitza kopuru, azalera,... buruzko azalpen zehatzak ematen dira.

Maketaren lehen bideoan, Lasarte-Oriak ondorengo urtetan izango duen itxuraren ikuspegi orokorra ematen da. Goitik begiratuta, herriak izango dituen aldaketak ikus daitezke prestatu den bideo horretan, hau da, aurreikusita dauden eraikin berriak marraztu dira gutxi gorabehera gero izango duten itxurarekin eta bestalde proiektu bakoitzaren azalpenak ere ematen dira, banaka banaka egitasmo bakoitzaren informazio zabalagoa ematen baita maketa birtualean.
Lasarte-Oriako Udalak ondorengo urteetarako dituen hirigintza proiektuek oro har, etxebizitza eskaintza zabaltzea dute helburu nagusi, bai hiri lurretarako aurreikusten diren hiru egitasmoek, Okendo, Loidi Barren eta Oztaranekoek, zein kanpokoek: Oriagain, Zatarain, Zabaleta eta Goiegi inguruetan ere etxeak eraikiko dira. Bestalde, Udalak lurzoru urbanizaezina deitzen dion sailean egitasmo bakarra dago, Plazaolako parkea.
Iñaki Mugica zinegotziak jakinarazi digunez, proiektu hauetako asko jada martxan dira edo aurreko tramite guztiak burututa dituzte, esaterako Loidibarrengo hiru egitasmoetatik bik. Okendoko egitasmo zabala ere ia erabat onartuta dago eta parteren batean laster hasiko dira lanean. Mugicak aurreratu digunez, zoru azpiko aparkalekuak izango dira lehenengo lanetariko bat, Udaletxe berria eta eraikiko den museo, audiobisualen gune eta erakusketa aretoarekin batera.
Hain zuzen ere, aurkezpeneko bideo orokor horretan, lehen geldialdia Okendon egiten da. Eraikin berria batetik,
-zazpi pisuko etxea eta Udaletxearen luzapena- eta bestalde, alboko inguru berde eta parkea erakusten dira: 35.545 metro karratuko azaleran 200 etxebizitza libre eraikiko direla esaten da arau orokorretan. Azalera horretatik 2.590 metro, beste ekipamendu eta hornikuntzatarako erabiliko dira.

Loidi Barren eta Oztaran
Ondoren hegaldiak Loidi Barren inguruan zehar jarraitzen du, eta 6-7 pisuko etxeen proiekzioa erakusten da: Hiru etxe bloke, Zabaleta auzora doan aldapa hasieran, multzo bat, osasun zentro berriaren parean beste bat eta hirugarrena apur bat aurrerago kiroldegi parean. Azken hau aurrerago egiteko utziko da, Mugicak aitortu digunez, baina espazioa prestatu eta aparkaleku gisa erabiliko da. Antxoeneako plaza ere bukatuko da. Guztira 111.826 metro hartzen ditu egitasmoak eta 179 etxebizitza eraikiko dira, 100 babestuak eta beste 79 libreak. Kirol zelairen bat eraikiko dela ere ikus daiteke maketa birtualean.
Gero maketak Oztaran aldera jotzen du autobusen kotxera inguruan egingo diren hainbat etxe multzo erakusteko. Zazpi pisukoak dira beti ere maketan erakusten diren irudien arabera. 66.740 metroko espazioan etxe multzo ugari eraikiko dira, guztira babes ofiziala daukaten 405 etxebizitza eta beste 596 etxebizitza libre. 1.052 metroko karratu erabiliko dira hornikuntzetarako. Iñaki Mugicak esan digu proiektu hau ez dela epe laburrean garatuko, aurten aurretik onartu beharreko dokumentu guztiei onespena ematea espero dute, behin betiko onartu eta hurrengo urteetan obra proiektuak aurkezten hasteko.

Luxuzko egitasmoa
Ondoren hiri lurretatik ateratzen da filmea: Oria gaingo zelaietan bi pisuko etxeak egingo direla aurreikusten da arau orokorretan eta horixe ikusi daiteke maketan. 22.816 metroko azalera erabiliko da bi etxebizitzako 19 etxe egiteko. Bi pisuko etxeek bere lursaila dute inguruan. Proiektu honek presarik ez duela eta aldaketak izan ditzakeela adierazi digu Iñaki Mugicak, "herriaren lur batzuetan familia bakarrarentzako honelako etxe atxikiak egitea luxu handiegia izan daitekeelako. Agian herriarentzat interesgarriagoa den beste egitasmo bat jarri behar da martxan hor eta luzerako proiektua da".
Ondoren lur urbanizaezinetan sartzen da maketa eta Plazaolako parke edo astiunea erakusten du. Nekazal inguruko parke honek 212.084 metro karratuko azalera izango du. Mendi aldean kokatutako aisialdirako gunea izango da, herritarrek ibilaldiak egiteko eta arnasa hartzeko. Udal ordezkariak jakinarazi digu jada behar diren lurren ehuneko 70 Udalak eskuratu ditu jada eta horrek prozesua azkartuko du.

Eskabideen menpe
Ondoan, Zataraingo zelaietan egingo diren etxebizitza dotoreak ikus daitezke. Asko eta ederrak dira, gehienez hiru pisukoak, lursail eta arbolez inguratuak. Egitasmoaren dokumentazioa onartuta dago, sailak bereizten hastea ontzat eman zen urtarrilean baina proiektu hau beste guztiak bezala eskabideen menpe izango da. Hirigintzaz arduratzen den Iñaki Mugica zinegotziaren ustez, "babestutako etxeak egiteko ez da arazorik izango baina etxebizitza libreak ere badaudenez ez naiz datarik jartzen ausartzen". 80.105 metro karratutan babestutako 100 etxebizitza eta 124 libre eraikitzeko asmoa dago, beste 7.794 metro karratu hornikuntzatarako utziaz.
Eta azkenik Zabaleta berri eta Goiegiko bailara edo ibarrean etxeak eta Goiegi Goran hotela egiten direnean inguru horiek hartuko duten itxura ikus daiteke bideoaren azken zatietan. Hauek ere eskabideen menpe egongo dira eta Mugica ez dago ziur egungo krisi egoera ikusita aurreikusten diren etxebizitzen ehunetik ehun egingo direnik, Zabaletakoak aurten lehiaketara ateratzeko asmoa den arren.

Zabaleta eta Goiegi
Zabaleta auzoan Hernani aldera etxe berriak egitea baimentzen dute arau orokorrek: 75.871 metro karratu urbanizatuko dira, 202 etxe babestu eta 100 libre eraikiaz. 3.600 metro erabiliko dira beste hornikuntzetan eta lau pisuko etxeen inguruan ez dira arbola eta zelaiak faltako. Goiegiko ibarrean babes ofiziala izango duten 151 etxebizitza eta 84 libre egingo direla ere ikus daiteke maketan. 92.367 metro karratu dira, hiru pisuko etxe multzoak arbola eta zelaiz inguratuta izango dira eta hornikuntzatan 3.100 metro karratu erabiliko dira Udalaren aurreikuspenen arabera. Azkenik Goiegi gainean Hotel bat eraikitzeko asmoa dute udal ordezkariek. 9.332 metro karratutan, 6.500 metro karratu erabiliko dira Hotelarentzat eta 400 metro hornikuntzetan.
Beraz hiri antolamendurako arau orokorrek finkatu duten Lasarte-Oria irudikatu daiteke maketa edota bideoa ikusi eta gero. Hegaldi birtuala ikusgarria da eta informazio asko ematen du martxan dauden edota martxan jarriko diren proiektuei buruz.