Herriarteko XLII Eskupilota Txapelketa hastear da

Txintxarri 2009ko apirilaren 17a

23 herriko pilotariek parte hartuko dute asteburu honetan hasten den Herriarteko Eskupilota Txapelketan eta Lasarte-Oriak ez du hutsik egingo.
Herriko taldearen lehenengo arerioa Idiazabal izango da eta honen etxean lehiatu beharko da gaur 22:00etan. Lasarte-Oriako bikoteak hauek izango dira: kadete mailan, Ander Rekondo eta Unai Delgado; jubeniletan, Jon Peio Artetxe eta Unai Ituarte edo Gorka Mendizabal eta seniorretan, berriz, Aitor Aranburu eta Xabier Arteaga.
Joxe Felix Solano Lasarte-Oriako arduradunarekin hitz egin dugu eta kanporaketa berdindua ikusten du. Hala ere, zera atxiki du, “gutxi ezagutzen dugun taldea da. Idiazabaleko partidak nola doazen ikusi beharko dugu, etxean apirilaren 25ean lan hobea egiteko.”
Iaz lehenengo kanporaketan erori zen herriko taldea Usurbilen aurka eta aurtengoari begira, aurrera eginez gero, Lasarte-Oriak Elgoibarren aurka izango du lehia zortzirenetan. “Zail ikusten dut aurrera egitea, baina lortzen badugu pausu handia izango litzateke,” adierazi digu Joxe Felixek.
Horregatik, 2002aren antzera finalera iristea oso urrun ikusten du Lasarte-Oriako arduradunak, "orain dugun taldearekin ez dut aukerarik ikusten. Talde gaztea dugu eta etorkizunean agian.”
Hala ere, etorkizuna ere ez dago oso argi. “Oso zaila da talde ona osatzea. Nahiz eta gazteak egun asko entrenatu, gero pilota uzten dute eta honela adin tarte ezberdinetako bikote onak osatzea zail da. Esate baterako, kadete mailan, kadete eta infantil bat lehiatuko dira aurten," aipatu digu Solanok.

Lehiaketa sistema
Txapelketako lehiakideak lau multzotan banatu dira eta iazko emaitzak kontuan izanik, 1go kanporaketan edo zortzirenetan hasiko dira jokatzen. Nahiz eta Billabona, Beasain, Zarautz, Orio, Eskoriatza, Urnieta eta Zumarragak huts egin aurten, Albiztur, Anoeta, Zestoa eta Idiazabalek hartuko dute bere lekua.
Kanporaketa sistema erabiliko da eta norgehiagoka bakoitzean bi jardunaldi jokatuko dira, bata etxean eta bestea kanpoan.
Finalaurrekoetan egingo dute topo multzo bakoitzeko irabazleek eta, aurtengo txapelketako irabazlea, ekainaren 14ean erabakiko da.