Udako oporretan ez dakizutela zer egin? Aspertu egiten zarete? Hainbeste opor egunak nola bete? Hona hemen ideia ezberdin eta interesgarriak.
Urtero bezala Ttakun Kultur Elkarteak udarako eskaintza zabala antolatu du bere gazte kanpaldien bitartez, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik batxilergora ikasten dutenentzat. Goza ezazu uda!!! Abenturaz abentura! Lelopean aukera zabala eskaintzen da.
Mendigorria LH 3-6
Lehen Hezkuntzako haurrek Mendigorriako aterpetxera joateko aukera dute uztailaren 3tik 14ra.
Irteera honen helburu nagusiak, batetik Lasarte-Oriako 9-12 urte bitarteko haurrei herritik kanpo aisialdiaz euskaraz gozatzeko aukera eskaintzea eta bestetik hiri ingurunetik atera eta ingurune naturalago batean murgiltzeko aukera izatea, elkarlana eta elkarbizitza bultzatuz. Egonaldiak haurren hizkuntza erabilera lantzeko baliagarria izan nahi du ere, hizkuntza ohituretan aurrera pausoak emateko eta euskararekiko duten jarrera eta motibazioa lantzeko.
Aurtengoan aterpetxea handiagoa da lehengo urteko eskaera arrakastatsua ikusita. Gainera etxeak berak zerbitzu ugari eskaintzen ditu : igerilekua, futbol zelaia, voleiboleko pista, parke botanikoa...
Bertan antolatuko diren ekintzen artean, mendi irteerak, ur-ekintzak, bizikletarekin irteerak izango dira.
Kanpaldi hauen iraupena 12 egunetakoa izaten da eta haurrek primeran pasatzen dute, baina badirudi motz samarra gelditzen dela eta horregatik aurten berrikuntza bat sartu da.
Honen bitartez nahi izanez gero udaleku itxitako egonaldiaren ondoren udaleku irekietan jarraitu ahal izango da, haurrek udaleku itxietan egindako lagunekin udaleku irekietan ondo pasatzen jarraitzeko aukera izanik.
Udaleku itxietako prezioa Ttakuneko bazkide ez direnentzat 205 eurotakoa izango da eta Ttakuneko bazkideentzat 185 eurotakoa. Mendigorria + Udako Txokoak hartuz gero Ttakuneko bazkide ez direnentzat 256 eurotakoa eta Ttakuneko bazkideentzat 236 eurotakoa.
Egonaldiaren berri izateko gurasoekin bilera egingo da ekainaren 12an Manuel Lekuona Kultur Etxean arratsaldeko 18:00etan.
KTG Kanpaldia eta Kosta ala kosta
KTG Kanpaldia DBH1, DBH2 eta DBH3ko mailetan dauden ikasleei zuzenduta dago.
Uztailaren 19tik 30a bitartean, Araban hasi, Bizkaian jarraitu eta Kantabria aldera egingo dute herriko gaztetxoek.
Baina ez da guztia ibiltzea izango, ibilbidean zehar ekintza ezberdin eta interesgarriak burutuko baitituzte, ur eta abentura kirolak, bibak, mendi ibilbideak edo kontzertua...
Aurtengoan hemen ere berrikuntzak daude, kanpaldi hauek beste elkarteekin antolatu baitira, modu honetara Lasarte-Oriako gazteek beste herritako lagun berriak egiteko aukera izango dute.
Guzti honen berri izateko gurasoekin bilera egingo da ekainaren 19an Manuel Lekuona Kultur Etxean arratsaldeko 18:00etan.
Kosta ala kosta izeneko jarduera DBH4 eta Batxilergo 1go mailan dauden ikasleei zuzenduta dago.
Ibilbidea Araban hasiko da Garaion, hain zuzen ere, eta Bermeon amaituko da eta hemen ere ekintza ugari izango dira: ur eta abentura kirolak, bibak, mendi ibilaldiak, gaubelak...
KTGko kanpaldietan bezala beste herritako gazteekin harremanak sendotzeko aukera paregabea izango da.
Guzti honen berri izateko gurasoekin bilera egingo da ekainaren 19an Manuel Lekuona Kultur Etxean arratsaldeko 19:00etan.
Bai KTG eta bai Kosta ala kosta jardueretako prezioa Ttakuneko bazkide ez direnentzat 225 eurotakoa izango da eta Ttakuneko bazkideentzat 205 eurotakoa.
Izen ematea eta agiriak
Jarduera hauetarako izen ematea Ttakun Kultur Elkartean (Geltoki kalea 4) 943 371 448 telefono zenbakian edo www.ttakun.com web orriaren bitartez egin ahal izango da.
Aurkeztu beharrezko agiriak Osakidetzako txartelaren fotokopia, Gipuzkoako kutxan 2101 0048 25 0010089696 kontuan diru-sarrera egin izaneko ordainagiria eta nortasun agiriaren fotokopia.
Izena emateko epea maiatzaren 15ean bukatzen da. Anima zaitezte!