Otsailean hasi zen Ostadar K.F.ak antolatutako XV. gomazko pilotako pala txapelketa. Bi hilabete hauetan kirol guneko pilotalekuan, 11 bikote, bi multzotan banatuak, sailkapen ligilan lehiatu dira multzo bakoitzeko lehenengo lau postuetako bat eskuratzeko eta asteburu honetan jokatu diren final laurdenetan egoteko.
Sorpresarik ez
Imanol Bardaji antolatzaileak adierazitakoaren arabera, “lehenengo ligilan ez zen sorpresarik egon final laurdenetara sailkatu ziren bikoteen artean.”
Eta, orain ere, finalaurrekoetarako txartela eskuratu duten bikoteak espero zituztenak direla onartu du Imanolek. “Azpimarratzekoa da, azken lau urteetako txapeldunak, Oskar Lazcano eta Iñigo Arluziak aurrera egin dutela oraingoan ere,” esan digu.
Hala ere, final laurdenetako partidetan lehia ikusi ahal izan dela adierazi du, batez ere, azkenekoan, Bernaitz Odriozola eta Santi Martin bikoteak Ibon Azkonobieta eta Eneko Iradiren aurka jokatutakoan. “Final laurdenetako partidarik orekatuena zen eta bi bikoteek zituzten aukerak aurrera egiteko. Baina bakarkako hutsek erabaki dute partida eta, azkenean, Bernaitz eta Santik 30 eta 21 irabazi dute .”
Beste partidatan, Josu Iparragirre eta Aitor Matxainek Iñaki Lizaso eta Alain Etxebesteren aurka galdu zuten 18 eta 30; Oscar Lazcano eta Arluziagak ez zuten partidarik jokatu lehiakideak agertu ez zirelako eta hirugarrenean, Xabier Etxezarreta eta Haritz Urdanpilletak 30 eta 15 irabazi zieten Imanol Muxika eta Unai Salaberriari.
Final aurrekoak
Era honetara, Bernaitz Odriozola eta Santi Martin, Iñaki Lizaso eta Alain Etxebeste, Oscar Lazcano eta Iñigo Arluziaga eta Xabier Etxezarreta eta Haritz Urdanpilleta dira hurrengo igandean finalaurreko partidak jokatuko dituzten bikoteak.
“Finalera begira, Lazcano eta Arluziaga dira faboritoak, baina finalaurrekoak geratzen dira oraindik eta ustekabeak egon daitezke,” azpimarratu du txapelketako arduradunak.