Euskararen 7. Maratoia oso osorik ordu betean

jon-altuna 2009ko apirilaren 20a

Edu Galardi eta Isa Fernandez de Agirre buru belarri aritu dira azken asteotan Euskararen 7. Maratoiko DVDa prestatzen. Datorren ostiralean hilaren 24 arratsaldeko 20:00etan aurkeztuko da Kultur Etxeko aretoan eta orduko irudi zein bizipenak berriz gogora ekarriko ditugu. DVDan sartu diren bospasei bideoetatik gutxienez laburpen nagusia emango da ekitaldian. Gainera, xelebrekeria eta ateraldietarako tartea ere izango da aurkezpenean bertan izango baita azken zortzikotea ere, bere umore eta aldarte onarekin. DVDak salgai izango dira Kultur Etxean bertan.

Euskararen 7. maratoiak izan zuen arrakasta isladatuko du Edu Galardi eta Isa Fernandez de Agirrek prestatu duten DVDak.
Ez da lan erraza 2008ko urriaren 18 eta 19an 40 ordutan burutu ziren ekitaldiak ordu beteko pelikulan jasotzea edo beste era batean esanda 17-18 orduko grabaketa ordu betean laburtzea.
Edu Galardik adierazi digunez, "Euskararen Maratoiaren espirituaren jarraipena da, maratoia ez dadin izan puntu eta amaitu bat, puntu eta segi bat baizik. Bizirik da, eta maratoia zabaldu eta handitu den bezala bideoarekin ere gauza berbera gertatzen da, gero eta material gehiago daukagu, material hobea, kalitate handikoa eta gauzak kanpoan uzteak pena ematen du".

Bien arteko elkarlana
Horregatik ez da bikote honen lana erraza izan. Isak ere bat egiten du horrekin, "batez ere ikusita jendea gogo handiarekin zela eta disfrutatu egin zuela."
Lanak ondo banatuta dituzte, Edu arduratu zen grabaketaz eta Isak egin du muntaketa osoa.
Aurten herritar gehiagoren laguntza izan dutela ere nabarmendu dute, baina bien arteko elkarlana dela esan daiteke. Edu Galardik azaldu digu prozesua, "elkarlana da, nik ohitura gehiago daukat kamararekin, hori errazagoa da neretzat eta 40 orduak ez baina 17-18 ordu grabatuta daude, aurreko maratoian beste gutxi gorabehera. Isa muntajean ohituta dago, badaki nolako emaitza nahi dugun, eta dauden irudietatik onenak hartu, historia bat harilkatu eta osatzen joaten da."
Muntatzerakoan bien artean eztabaida asko izaten duten galdetuta, Eduk ezetz dio, "Isaren esku uzten dut, ezin gara eztabaidatan hasi. Gutxi gorabehera aldez aurretik badakigu zer nahi dugun eta berak egiten du."
Gero Isak kontatu digu ondo etortzen dela beste pertsona bat ondoan izatea, "zinta bakoitzaren pelikula egin eta erakutsi egiten diot, bere aholku eta laguntza eskatu, sarri ordu asko pantaila aurrean eman ondoren jada ez duzu eta ezer ikusten. Beldurrez izaten naiz ea ulertuko ote den,... audioaren menpe ere izaten gara." Lana handia bada ere, ez dute penarik Isaren iritziz, "nik esaten dut pribilegiatu batzuk garela, ez dugu ezer galdu. Herrikoek maratoiaren parte batzuek ikusi dituzte, bazkari edota afariren bat,... baina guk den dena."

Laburpen zabala
DVDak denetarik jaso du, batetik 40 orduko egitarau luze horretatik gutxi gorabehera ordu beteko laburpen bat izango du eta bestetik gehigarriak: kirol frogak, bideo klipa, Landaberriko ikasle ohien jaialdia, sagardotegien jira,....
Batean kirol frogak ikusi ahal izango dira, Teresategira joan etorriak, bi egunetan burutu ziren zazpi maratoiak eta Buruntzako proba.
Beste batean garai batean Landaberri ikastolan egiten zen festibala ikusiko da, asko landu zelako, garai hartako irudiak eta ahotsak lortu zirelako eta ikasle ohien ekitaldia bera oso polita izan zelako. Hirugarren batean sagardotegien inguruan egin zen lana ere sartu da, emaitza ere ona izan zelako.
Eta aurreko maratoian egin zen bezala Bero bero abestiarekin bideo klipa prestatu du Isa Fernandezek. "Herriko jendea dantzan agertuko da," aipatu du. Behin eta berriro grabatu zen abesti hori eta irudien nahasketa bat izango da.

Parte hartze handia
Maratoiak iraun zuen bi egunetan, 2008ko urriaren 18 eta 19an, biak aritu ziren grabatzen eta Mikel Zelaiaren laguntza izan zuten.
Hauetaz gain, herritarrek emandako beste irudi batzuek ere badituzte, esaterako, familia baten Teresategira igoera eurek grabatuta.
"Maratoia zabaldu egin da, ezin dugu bi tokitan aldi berean egon. Plazatik kanpora ere zenbait gauza egiten dira eta horiek ere sartu behar dira," azaldu digu Edu Galardik "Mikel Buruntzaraino igo zen, zazpi maratoiak grabatu zituen,... Gu iristen ez garen tokietako irudiak eduki nahi genituen eta berari eskatu genizkion".
Isa Fernandez de Agirrek Maratoiak izan zuen parte hartze handia azpimarratu du, "DVDa muntatzeko orduan ikusten da hori, zer kendu? Hainbeste gauza izan dira, gauza berri pila bat, gero eta hobeak, parte hartzea izugarria izan da eta pena ematen du ezer kentzeak, baina aldi berean ezin da DVDa luze egin..."

Zailtasunak
Maratoian egindako lanak ematen dituen aukerak eta jartzen dituen mugak aipatu dizkigu Edu Galardik.
Kamara mugimenduak egiteko, irudiekin jolasteko aukera izan du, "baina bere mugak ere badauzka. Taldean lan egiten ohituta nago. Han, kamara bat tokatzen zaizu eta zurera zaude, hortxe ateratzen diozu zuku gehiena. Hemen kamara batekin ahal dituzun angelu gehienak egin behar dituzu. Jendetsua izan denez gertatu zaigu nahi dugun tokietara ez iristea. Takolo, Porrotx eta Marimotots-en emanaldian esaterako, hainbeste jende zegoenez atzean jarri beharko, ezin duzu oholtza gainera igo edo aurrera egin.”
Azken maratoiko beste berrikuntza bat pantailaren erabilera izan zen, eta pantailan emateko prestatu zituzten zenbait irudi ere sartuko dira DVDan.
"Pantaila edukitzeak ere aukera asko eman zizkigun. Berrikuntza interesgarrietako bat izan zen," asierazi digu Eduk.
Ez zekiten pantailak momentuan nola funtzionatuko zuen eta aurretik irudi pila bat grabatu zituzten. Gero ikusi zuten zuzeneko irudiak emanda ere erabilgarria zela eta gauetan etekina atera zitzaion pantailari.
Irudiari lotutako bikotea
Edu Galardi eta Isa Fernandez de Agirreren azken urteotako bizitza irudiari lotuta dago, buru belarri aritzen dira lanean eta baita Lasarte-Orian burutzen diren kultur ekitaldi gehienak jasotzen ere.
Horregatik, galdetu diogu Eduri, afizioa ala ofizioa den beretzat, eta dudarik gabe erantzun digu "gehienbat ofizioa" baina bere gustukoa dela gehituz.
Eduk lanetik kanpo irudiaren mundua gehiegi jorratzen ez duela esan arren, Isak gogoratu dio zenbat ekitaldi grabatu dituzten: Antzerki astea, maratoia, Korrika eta Mundua Konpontzeko Tailerra, besteak beste. Aitortu digu gustura eta gogo handiz egiten dituela horrelako lanak, eta ofizioa ere gustuko duela "bere ajeekin".
ETBn ari da lanean, kamara gisa. Honela azaldu digu Edu Galardi berak, "gure lana azken finean kate bat bezalakoa da. ETB eta batez ere Miramon, telebista programak egiten dituen fabrika baten antzekoa da eta gu kate begi bat besterik ez gara. Saioa platoan grabatzen bada, han gaude irudiak hartzen. Zuzenekoa bada, lehenengo ensaioak ikusi eta prestatu behar dira. Eta aurretik grabatzen denean grabaketa astunagoak izaten dira normalean. Errealizadoreari eskatzen digun planoa eskaini eta tokatzen zaigun pertsonaia jarraitu behar dugu.”
Edu Galardik Arte Ederrak ikasi zituen ikus-entzunezko arloan. "Honetan espezializatu nintzen eta gustura ari naiz" esan digu. Eta sinestu beharko diogu 20 urte baitaramatza jada.
Isa Fernandez bere bikote eta laguna ere trebatua da irudi kontuetan. "Irudi eta soinua" ikasi zuela kontatu digu, "Erandion, bizkaitarra nintzenean". Aspalditik bizi da Lasarte-Orian eta bien artean hainbat lan egin dituzte herrian.
Bera ere urte askoan aritu da ETBn, kamara gisa hasieran eta gero errealizadore. Gustuko du berak ere lan hau. Bere ustez, "errealizazioan muntaketa polita da, ez bakarrik grabatzea baizik eta gero puzzlea osatzea. Gustatzen zait. Herriko gauzak grabatzeak eta muntatzeak aukera ematen dizu, gainera, herrian parte hartzeko eta telebista mundutik ateratzeko".
1990ean hasi eta 14 urtetan egon zen Goenkale grabatzen eta gero, beste saio batzuetan. “Iaz utzi nuen. Orain Pirritx eta Porrotx-en bideoak egiten aritzen naiz eta oso ondo pasatzen dut," onartu du Isak.