David Fernandez da Estudio del Pintor akademiako irakaslea. Margolaria izatez, bost urte daramatza irakasle lanetan eta horietako bi eta erdi Lasarte-Orian. “Donostian hasi nintzen akademiarekin. Bertan dendatxo bat ireki eta ez zuen asko iraun. Lasarte-Oriara etortzea erabaki nuen, hemen akademia gutxiago zeudelako eta margotzen ikasi nahi duen orori aukera emateko,” adierazi digu Davidek.
Erakusketa
Olioz egindako paisaiak, natura hilak eta erretratuak. horiek dira apirilaren bukaera arte, Manuel Lekuonako erakusketa gelan ikusi ahalko diren margolanak.
Erakusketaren ideia Davidena izan zen. “Margolanak erakustea eta besteen lanak ikustea oso aberasgarria da ikasleentzat. Lan askoren emaitza da. Gainera senideek eta lagunek ikustea ere ongi dator,” aipatu digu.
Ikasleek lanetan erabilitako teknika galetu eta “gehienak olioak dira eta akuarelaren bat badago,” erantzun du. Eta zera atxiki du, ”olioa da jende gehien erabiltzen duen teknika. Esker oneko materiala da, lehortzeko denbora asko behar duena eta hori koloreen nahasketa egiteko ona da. Akuarela, ordea, azkarrago lehortzen da eta ez du aukera askorik ematen nahasketetarako.”
Paisaiak nagusi dira erakusketan eta honi buruz galdetu diogu. “Momentuz paisaiak dira ikasleek egiten dituzten margolanak, gehienak itsas-paisaiak gainera. Nik erretratuak egiteko eskatu diet, baina gutxi batzuk hartu dute erronka. Erretratua oso zaila da,” onartu du, “Gainera, paisai bat edo erretratu bat ez da gauza bera, erretratu batek lan eta ordu gehiago behar du.”
Kalitate handiko lanak dira gehienak. “Akademian dagoen jende askok aurretik margotzen zuen eta oinarri ona zuen gainera. Hala ere, nirekin hasi zirenek ere teknikoki asko hobetu dute. Eta hori lanetan antzematen da,” aipatu du.
Akademia
Etxean edo akademia batean lan egitearen ezberdintasuna ere azaldu digu irakasleak, “ez da gauza bera etxean edo akademian lan egitea. Etxean agian hilabete batean egin dezakezuna akademian bi edo hilabete gehiagotan egiten duzu.”
Ikasketa metodoaren harira zera aipatu digu, “ez dizkiet lanak bidaltzen, bakoitzak nahi duena egiten du. Egiten ari zarena gustura egitea, hori da garrantzitsuena nire ustez ikasteko. Nik aholkuak ematen dizkiet edo oinarrizko hiru koloreak nola nahastu behar dituzten irakasten diet. Ikasleek hautatutako gauzak egin daitezke, lan gehiago edo gutxirekin, baina guztiak egin daitezke. Orduak eta pazientzia behar dira, ez baita erraza kolore zehatza aurkitzea edo itzala ongi egitea.”
Egun akademian 32 ikasle ditu. “11 urteko ikasle bat dut, baina beste guztiak helduak dira. Eta oso gustura egiten dute lan. Aurki haurrekin lan egiten hasteko asmoa dut. Ostirala arratsaldean eta larunbata goizean ordu eta erdiko saioetan. Ea animatzen diren.”
Eta, azkenik, lasarteoriatar guztiak gonbidatzen ditu akademiako erakusketa ikustera, “apirilaren 30era arte egongo gara bertan, kulturetxeko erakusketa gelan.”