Goza ezazu uda euskaraz

Txintxarri Aldizkaria 2009ko api. 24a, 02:00

Asteazkenean 2009ko Udako txoko, udaleku itxi eta kanpaldietako eskaintza aurkeztu zen Ttakun Kultur Elkartean burututako prentsaurrekoan.
Rikardo Ortega, Udaleko Euskarako Batzordeko burua, Pili Bermejo Ttakuneko aisia saileko arduraduna eta txoko eta kanpaldien arduradunak egon ziren bertan.
“Eskaintza hau posible da Ttakunek eta Udalak sinatutako hitzarmenari esker,” gogoratu zuen Ricardo Ortegak.
Aurtengoan 24. edizioa izango dela aipatu eta egoera aldaketari buruz hitz egin zuen, “garai batean programaren helburua, euskara ikasten zuten belaunaldi berriek eskolan ikasitakoa udan erabiltzeko aukera izatea zen. Gaur egungo egoerak hobera egin du nabarmenki eta beraz helburua ezberdina da, haurrek eta gazteek dena euskaraz ikasten baitute.”

Euskaraz jolastea
“Gaur egungo helburua, haurrek euskararekin jolastea, gustukoa duten guztia euskaraz egitea da” azpimarratu zuen Rikardok.
Ideia bera erabili zuen Pili Bermejo Ttakuneko aisia arduradunak, “udalekuetan elkarbizitza bultzatzeaz gain, euskaraz ondo pasatzea da gure helburua. Haur eta gazteen autonomia garatuz herrian eta herritik kanpo ekintza dibertigarriak eskaintzea da gure asmoa.”
Honela, HH2-tik LH6-ra Udako txokoak daude “adinaren araberako beharretara egokitutako egitaraua, jolasak, irteerak... prestatu ditugu.”
LH-3tik LH6rako gaztetxoek Mendigorriara joateko aukera dute uztaileko lehenengo hamabostaldian. Bertan kirola, txangoak edo jokoak egingo dira.
Adin honetarako berrikuntza, udaleku itxien ostean, udako txokoetan parte hartzeko aukera dutela da. “Udak jarraipena izan dezan egin dugu. Gainera, taldea sortzen bada, hezitzaile bera izango dute, beste taldeen martxa ez eragozteko,” adierazi du Pilik.
DBH eta Batxilergoko gazteentzat, aurreko zenbaki batean azaldu genuen bezala, kanpaldi ibiltariak daude, Ktg eta Kosta ala kosta.

Izena ematea
Udako txokoetan izena emateko epea maiatzaren 27an bukatzen da eta udaleku itxi eta kanpaldien kasuan, ordea, maiatzaren 15ean.
Matrikula internet bidez edo Ttakuneko bulegoan egin daiteke. Udako txokoen orriak Amaraun Ludotekan ere entregatu daitezke.•