Hiru hilabete pasa dira, Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak Hondakinen Euskal Legea EAEko Legebiltzarrean aurkeztu ahal izateko 30.000 sinadura biltzeari ekin zionetik.
Erronka hau burutzeko azken txanpan sartu da Koordinadora eta deia luzatu nahi die oraindik sinatzeko aukerarik izan ez dutenei: "oso garrantzitsua da sinadura guztiak biltzea. Gure mezua isilarazteko orduan, ez diegu akatsak edo gabeziak erabiltzeko aukerarik eman behar. Guztiok sinatu behar dugu," adierazi dute.
Manifestazioa
Lasarte-Orian hainbat herritarrek sinatu dute Lasarte-Oria Bizirik taldeak larunbatero ezarri dituen mahaietan.
Bihar, ordea, ez da sinaketa mahairik egongo, Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak kanpainari amaiera emateko, arratsaldeko 18:00etan manifestazioa antolatu baitu Donostiako kaleetan zehar.
Manifestazioaren helburua errausketak alternatiba askoz egokiagoa eta osasuntsuagoa duela aldarrikatzea da: Atez Ateko hondakinen bilketa, materia organikoarena barne.
Usurbilgo eredua
Usurbilen dagoeneko martxan da egitasmoa eta beste herri batzuk ere ildo bera jarraitzeko asmoa dutela badaki koodinadorak. Horregatik, “herritar eta auzokoen elkarteek, talde ekologistek eta sindikatuek errausketaren aurka eratutako mugimenduak konpromisoaren eta erantzukizunaren arloko benetako irakasbidea eskaini du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta mankomunitate gehienen aldean.”