205.000 gipuzkoarrek jaso dute etxean Errenta Aitorpena egina

Txintxarri Aldizkaria 2009ko apirilaren 24a

PFEZ (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) edo IRPFa urtean pertsonak jasotako errentengatik, hau da, diru sarreren arabera, ordaindu behar duen zerga da. Langilearen kasuan, enpresaren bidez Ogasun Sailak jada soldatatik kentzen du zati bat, langileak ordaindu beharko dituen zergen aurrerapen gisa, hau da, Ogasun Sailak langileari hilero atxikitzen dio diru kopurua, gerora errenta aitorpena iristen denean ez dezan susto haundirik izan diru asko ordaindu behar duelako.
Urtean zehar atxikitzen den kopurua hainbat faktoreren araberakoa izaten da, besteak beste, norberaren eta familiaren araberakoa (ezintasunak, ezkon egoera eta abar kontuan hartuz); kontratu motaren araberakoa (aldi baterako kontratuei gutxiago retenitzen zaie normalean); eta diru sarreren araberakoa, alegia, jasotako diruaren arabera hainbateko zerga ordaindu behar da.
Nork egin eta nork ez
Askotan entzuten den kontua da jendeak ez dakiela errenta aitorpena egin behar duen edo ez. Printzipioz, errenta aitorpena egitera behartuta daude lanarengatik, ondasunengatik edo diruarengatik etekinen bat lortzen duten pertsona guztiak.
Salbuespenak ere izaten dira, eta, orokorrean, honako kasuetan ez da derrigorrezkoa errenta aitorpena egitea: kapitalak eta ondareak emandako urteko etekina 1.600 eurotik beherakoa bada; lanaren etekin gordina 12.000 eurora iristen ez bada; edota urteko lanaren etekin gordina 12.000 eta 20.000 euro artean badago, beti ere, baldintza batzuk betez gero.
Zer aitortu behar den
2008an irabazitako etekin eta irabazi guztiak aitortu behar dira printzipioz:
Lanaren etekinak (soldatak, pentsioak eta abar); kapital higigarrien (dirua) etekinak (kontuen interesak, letrak, dibidendoak eta abar); ondasun higiezinak (etxebizitza, lokal eta abar) alokatzeagatik jasotako etekinak; jarduera ekonomikoen etekinak (enpresari eta profesional autonomoek); ondarearekin lotutako irabazi eta galerak (etxebizitzagatik, akzioak saltzeagatik eta abar); eta beste. Era berean, ondasun komunitate bateko, banatu gabeko herentzia bateko, edo antzeko entitate bateko kide izanez gero, hori ere deklaratu behar da, bakoitzari dagokion partea adieraziz.
Aurtengo errenta aitorpenean salbuespenak ere izango dira, beti ere, beren berezitasun eta mugekin, esate baterako, ezintasun iraunkorrengatik jasotako prestazioak, kaleratzeen kalte ordainak eta abar ez dira aitortu behar.
Bonifikazio, murrizketa eta dedukzioak
Lanarengatik jasotako diru sarrerei dagozkien gastuak kendu ondoren, geratzen den horri bonifikazioak aplikatzen zaizkio, diru kopuruaren arabera kalkulatzen direnak.
Bestalde, murrizketak daude mutualitateei, aurreikuspen plan aseguruei, pentsio planei, menpekotasun aseguruei eta bestelakoei egindako ekarpenengatik.
Kenkari edo dedukzioak ere izango dira: orokorrak, egoera familiarrarengatik (seme-alabengatik, ahaideengatik, adineko pertsonen ardura izateagatik eta abar), alokairua ordaintzeagatik, gobernuz kanpoko erakundeei laguntzeagatik, sindikatuei dirua emateagatik eta abarrengatik.
Errenta aitorpena egiterakoan, bakoitzak aztertu beharko du banakako edo baterako (conjunta) errenta aitorpena interesatzen zaion, baterakoa egiteko aukera dagoen kasuetan.
Bost modu errenta
aitorpena egiteko

Errenta aitorpena egiteko moduak aldatzen ari dira. Orain arte martxan zegoen diskete bidezko modalitatea desagertu egin da eta norberak paperean egiteko aukera oraindik baden arren, beste erak erabiltzeko gomendatu du Foru Ogasunak. Aurtengo errenta aitorpena egiteko bost modu daude.
Autolikidazioa da horietako bat. Zergadun batzuk postaz jasotzen dute errenta aitorpena, Foru Ogasunak egina. Zergadunak zuzena dela irizten badio, bere konformidadea adierazi behar du, bi modutara, telefonoz edo Internet bidez. Ez badu onartzen, beste modalitate batera jo behar du. Aurten Ogasunak 205.000 errenta aitorpen bidaliko ditu eginda. Autolikidazioa jasoz gero, komeni da ondo begiratzea, batez ere egoera pertsonalean aldaketak izan direnean, aldaketa guztiak ez baitaude agian ondo jasoak.
Mekanizatua esaten zaiona da bigarrena. Zergadunak dokumentazioa errenta mekanizatua egiteko bulego batean aurkeztu behar du eta teknikari batek lagunduko dio autolikidazioa egiten.
Hirugarren era Internet bidez egiteko da. Errenta programa Internetetik jaitsi daiteke, aitorpena programa horrekin prestatu eta Internet bidez bidali.
Internet bidez egiteko beste modu bat ere badago, finantza entitate laguntzaileentzat eta ordezkari profesionalentzat (aholkulari eta kudeatzaile) prestatua.
Azken aukera paperean egitea da. Norberak kalkuluak egin eta aitorpenaren inprimakia bete behar du. Foru Aldundiak gomendatzen du, kalkulu akatsak alde batera uzteko, beste edozein eran egiteko.
Errenta aitorpena egiten duenak aldez aurretik egin dezake errenta aitorpenaren zirriborroa, eta hartara, jakin errenta aitorpena egiteko garaian ordaintzea edo kobratzea tokatuko zaion, batez ere, ezustekoak sahieste aldera. Errenta egiteko, www.gipuzkoa.net-en sartu behar da eta laguntza programak atalean klikatu.
Norberaren zerga
informazioa

Foru Ogasunak norberari buruz duen informazioa eskuratzeko aukera du edonork, pasahitz baten bidez, eta informazio horretaz baliatu daiteke errenta aitorpena egiteko. Pasahitza webgunearen bidez edo Ogasun bulegora bertara joanda eskatu daiteke.
Kobratzeko eta
ordaintzeko epeak

Ogasunak konpromezua hartu du, errenta aitorpena era mekanizatuan edo autolikidazioa eginez gero, onartu eta hiru lan eguneko epean ordainketa egiteko.
Ordaintzea tokatuz gero, bi modutara egin daiteke: kolpe batean, ekainaren 30ean, edota bi kolpetan, %60 ekainaren 30ean, eta %40 azaroaren 10ean (interesik gabe).
Errenta aitorpena ere
euskeraz

Gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarrak, zailtasunei aurre eginda, eta aurtengo erronka da herritarren %10ek gutxienez euskaraz egitea.
Hasiera batean zail samarra dirudien arren, gero eta errezagoa da, zentzu guztietan, hori ere euskaraz egitea: baliabideak euskaraz daude -agiriak, informazioa eta abar-, harreraguneetan, herrietan eta Foru Aldundian bertan, euskaraz hartzen dute jendea, agiriak gero eta ulergarriagoak dira eta herritarrak gero eta gehiago saiatzen ari dira administrazioarekin euskaraz egiten.
Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek herritarren eskura jarritako www.buruntzaldea.org web orrian sartuz gero, besteak beste, errenta aitorpena euskaraz egiteko laguntza aurki daiteke: errenta aitorpena egiteko moduak, aurkezteko tokiak, Buruntzaldeko herri bakoitzari non dagokion egitea, eta baita ere, herri bakoitzean errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera ematen duten gestorien datuak. Edozein zalantza izanez gero, Udaletako Euskara Zerbitzuetara ere jo daiteke.
Helburua, azken batean, gizartea aktibatu eta errenta aitorpena euskaraz egitera animatzea da.