Pilotariek ondo hasi dute Herriarteko Txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2009ko apirilaren 24a

Lasarte-Oriako pilotariek ondo hasi dute XLII. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. 3-0 irabazi zioten Idiazabalgo taldeari etxetik kanpo: kadete, gazte eta nagusiek, hiru bikoteek, irabazi zuten eta kanporaketa gainditzeko aukera ezin hobea dute beraz. Hori gertatzen bada, azken urteotako joera aldatzear da: azken hiruzpalau urtetan ez da herriko taldea lehen neurketatik pasa eta zaleak horretara ohituta ziren jada. Aurten, ordea, aukera asko dituzte Herriarteko Txapelketako bigarren kanporaketara pasatzeko. Larunbat arratsaldean emaitza borobildu eta aurrera eginez gero, Elgoibarko taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak maiatzeko lehen bi asteburuetan.

Herriko pilotariek zein pilota saileko arduradunek ez zuten espero Idiazabalen aurkako neurketan horrelako emaitza ona izaterik. Jon Pello Artetxe gazteak adierazi digunez, lehen ezustekoa kadeteen arteko neurketan bertan hartu zuten. Ez zuten uste hain erraz nagusituko zirenik eta inondik inora Idiazabalgo bikotean hain ahula izango zenik. Herriko Ander Rekondo eta Unai De Miguelek 22-14 irabazi zuten.
Ondoren, Jon Pello Artetxe bera eta Gorka Mendizabal erraz nagusitu ziren 22-2 gazte mailako Idiazabalgo bikotearen aurka. Hauek ere ez zuten uste aurrean hain bikote ahula izango zutenik eta beraz ez zuten hain erraz nagusitzerik espero.
Lehiarik gogorrena nagusien mailakoa izan zen. Lasarte-Oria eta Idiazabalgo seniorrek ordu beteko norgehiagoka jokatu zuten eta azkenik, herriko Aitor Aranburu eta Xabier Arteaga nagusitu ziren 22-12. Emaitza hauek kontutan hartuta aurrera egiteko nahikoa dute lasarte-oriarrek larunbat arratsaldean Mitxelingo pilotalekuan jokatuko diren hiru partiduetatik bat irabaztea eta hirurak galduta ere tantoetan alde handia dute euren alde, Idiazabalgoek 28 tanto egin baitzituzten bakarrik.
Jon Pello Artetxek aitortu digu ez dutela aurten talde oso ona, bere ustez aurreko urteetan baino kaxkarragoa da, eta hala ere aurten aspaldiko partez lehen kanporaketa pasatuko dute.
Azken hiruzpalau urtetan lehen neurketan jada kanpoan geratu da herriko taldea. Pasatzen baldin badira, Elgoibarren aurka jokatuko dute final zortzirena maiatza hasieran, eta hori oso zaila ikusten du Artetxek. "Ez dugu Elgoibarko taldea ezagutzen, baina suertea beharko dugu" adierazi digu. Txapelketan aurrera egiteko hiru bikote on behar dira eta aurten kadetetan dute bere ustez hutsunerik handiena.
Gipuzkoako Herri arteko Txapelketan, guztira 23 herrik hartuko dute parte, eta Jose Felix Solanok Pilotako arduradunak aitortu duenez, zaila izango du Lasarte-Oriak oso aurrera iristeko, talde oso gazte eta esperientzia gutxikoa izanik. Azkenengo aldiz 2002an izan zen Lasarte-Oria herriarteko txapelketa honetako finalean.
Momentuz, larunbat honetan arratsaldeko 16:30etan hasita Mitxelingo frontoian Idiazabalgo pilotarien aurka jokatuko dute lasarte-oriarrek bueltako partidua.