Kale antzerkia gustuko duen orok egun ezin hobea igarotzeko aukera du bihar, izan ere, Usurbilgo kaleak antzerkiz beteko baitira.
Donostia, Bilbo edo Errenteriako antzerki talde ezberdinek bere lanak erakutsiko dituzte Usurbilgo kaleetan zehar eta Lasarte-Oriako Landaberri Antzerki Eskolako taldea ere bertan egongo da.
Antzerki eskolako dantza garaikideko taldeak izango dira, hain zuzen ere, Usurbilgo frontoian 12:15ean emanaldia eskainiko dutenak.
Helduak eta gazteak
Maider Oiartzabal arduradunarekin hitz egin dugu emanaldiari eta gonbitari buruz gehiago jakiteko.
“Antolatzaileak Landaberriko Antzerki eskolarekin jarri ziren harremanetan. Dantza garaikideko taldek zeudela aipatu eta gonbidatu gintuzten,” azaldu digu Maiderrek, “honela, sei talde eramango ditugu Usurbilera, DBH, Batxilergoko eta helduen taldeak. Guztira, 60 bat pertsona izango gara.”
Dantza motari dagokionez, “helduen taldeek dantza garaikidea eskainiko dute. Hauetako batek dantza emozionalagoa egingo du, poetikoagoa”, adierazi digu, “gazteek, berriz, dantza modernoagoak eskainiko dituzte. Erritmo bizi eta alaiak dantzatuko dituzte, haien indarra erakutsiaz.”
Amaiera kontzertua
Baina hauek ez dira antzerki egunean parte hartuko duten herriko talde bakarrak izango.
Deabru Beltza taldearen Les Tambours de Feu emanaldiaren ostean, II. Kale antzerki egunari amaiera emateko, Makulu Ken talde lasarteoriatarrak frontoian kontzertua eskainiko du festa ordu txikiak arte luzatuz.
Beraz, biharko planik ez baldin baduzu, hona hemen aukera, Usurbilgo II. Kale antzerki eguna. •