Kuadrillategiko gazteen egun guztiko jaia

Txintxarri Aldizkaria 2009ko apirilaren 27a

Larunbatean eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere, giro bikainean burutu zen kuadrillategi eguna. Elgoibar eta Lasarte-Oriako 50 bat lagun elkartu ziren goizean goizetik ondo pasatzeko helburuarekin. Egun guztiko egitaraua zuten prest.
Goizean ginkana erraldoia egin zuten herri osoan zehar. Zenbait proba gainditu behar izan zituzten eta ondo moldatu ziren bi herrietako gaztetxoak.
Landaberri ikastolan jarraitu zuen gero festak. Bazkalostean tailer eta jolasak egin ziren bertan, batukada eta karaokea. Bietan oso ondo pasa zuten gazteek. Azkenik iluntzean Hesian taldearen kontzertuarekin amaitu zen Kuadrillategik antolatutako jaialdia.
Larunbatean argi geratu zen gazteek Hesian taldea gogoko dutela eta taldea ezagutzen dutela, kontzertuak iraun zuen bitartean ikusi zenez. Bukaeran guztiek batera argazki bat atera zuten.