Pablo Barrioren Armiarmategian argitaratu da

Txintxarri Aldizkaria 2009ko apirilaren 27a

Santurtziko Serantes IX. Antzerki lehiaketan saritutako Pablo Barrioren lana apirilaren 23an, liburuaren egunean, Donostiako liburu azokan jarri zuten salgai. Armiarmategian (isil-mihisilka) da liburuaren izenburua eta Bilboko Artezblai argitaletxeak kaleratu du.
Liburuak Rosalito emaztea galdu eta gero, Alpontxoren gainbehera jasotzen du. Gainbehera horretan armiarmak izango ditu bilatu gabeko etsaiak. Armiarmak gizarteko orden bihozgabe baten metafora isladatzen du, eta baita bere baitako ahulezien metafora ere.
Maitasun istorioa dakarkigu azken finean Pablok. Maitasun zintzo eta benetakoa, baina protagonistak inoiz ez adierazitakoa. Eta berau argitzeko armiarma bikotea izango du lagun, pertsonaia xelebre eta bitxiak, munduaren gaineko ikuspuntu ezberdina eskaintzen dutena. Txikiak tamainaz baina handiak izaeran. "Gu gara munduko ordenaren arduradun", aldarrikatuko dute.
Egileak intsektuari, bere baitan idatzitako kode konplexuei esker mugitzen den izakiari, eskaini dio arrazoiaren erabilera, eta batipat, gizakion jokaeren gaineko begirada ironiko, distiratsu eta umorez jantzitakoa. Haien esentziatik atera du, baita ere, antzezlanaren egituraketa, amaraunaren tankerakoa, hari mehe lotuekin eraikitako arkitektura biribilduan eternitatea harrapatuz.