Euskararen 7. maratoian zortzikotean izan zirenek aurkeztu zuten DVDa. Beti bezain umoretsu atera ziren dantzan, Ilitz Olano makuluekin atzetik segi ezinik zuteka. Meltxor Artetxe eta Rebeka Garzes aritu ziren hasieran aurkezle lanetan eta eskerrak eman zieten bildu zirenei Ttakunen eta Udalaren izenean. DVDa 8 euroren truke eskuratu daiteke eta bertan bideoklipa, kirol probak, ikasle ohien festibala, sagardotegi bira eta 7 maratoiak ikus daitezke, 7. Maratoiaren ordu beteko laburpenarekin batera.
Aurkezleek laburpena hasi aurretik nabarmendu zuten maratoia gero eta dibertigarriagoa, alaiagoa eta dotoreagoa dela eta poz pozik gogoratuko dituztela "asteburu zoriontsu" hartan bizitakoak. "Korritzeko modukoa" maratoiaren leloa, bero bero abestia eta irudi gisa erabili zen musua etengabe ageri dira laburpenean.
Hasiera hasieratik nabari da umorea eta alaitasuna: txistu, dultzaina, txalaparta, dantza, musika, bertsoa,.... Teresategira piñaburu bila egindako joan etorriak, kirol frogak, haurrentzako ekitaldiak, bonberoak, antzerkia,... urriaren 18 eta 19an Okendo inguruan egin ziren ekitaldi guztiak ageri dira labur labur. Larunbateko ekitaldiak ikusi eta atseden bat agindu zuten zortzikotekoek iazko maratoiaren alde onen artean bi nabarmentzeko eta goraipatzeko: gazteen eta euskaldun berrien parte hartzea.
Zortzi gaztetxo eta zazpi ikasle igo ziren oholtzara, oro har herri osoaren parte hartzea goraipatu bazen ere, baraiena bereziki. Ikusleen txaloen artean Jokin Aierragaraik hartu zuen hitza zera esateko, euskara gozatzeko dela "batzuk euskaldun jaio gara eta beste batzuk euskaldundu egin dira eta hori txalotzekoa da". Ondoren Jokinek gidatuta eta ikasleak zein gazteak maratoian "busti" egin zirenez, haizea, euria eta trumoia irudikatu ziren soinuen bidez eta azkenik olatu erraldoia areto guztira zabaldu zen.
Ondoren laburpenaren bigarren zatia eman zen, igandekoa. Igandean goizean goizetik berriro martxan zirenak, azken orduetan han segitzen zutela ikusi ahal izan zen. Amaieran ezkutuan lanean aritzen direnetako batzu igo zituzten oholtza gainera, eta guztiek, zortzikoteak zein ikuseek bero bero amaitu zuten ekitaldia.