Euskal Eskola Publiko Berriaren aldarrikapena Aian

Txintxarri Aldizkaria 2009ko api. 27a, 02:00

Maiatzaren 3 igandean, Euskal Eskola Publiko Berriaren aldarrikapena egingo da Aian. Sortzen-ikasbatuaz elkarteak urtero Iruñean antolatzen du Euskal Eskola Publikoaren Eguna. Aurten, XIV. edizioaren aldarrikapen nagusia Euskal Eskola Publiko Berri bat lortzea da, euskara eta euskal kulturatik abiatuta mundu oso bati zabaltzen zaion eskola, partehartzailea, integratzailea, hezkidetzan eta berdintasunean oinarritua. Aldarrikapen hori izango da Aian egingo den jaialdian ere nagusi.
Festa giroa eta aldarrikapena elkartuko dira eta horretarako egitarau zabala antolatu dute. Hasteko 10:00-12:00ak bitartean Aiako inguruetan mendi irteera bat egingo da, 12:00-13:00ak aldera jaialdia frontoian Gipuzkoako hainbat ikastola eta ikastetxeko ikasle, guraso eta langileen ikuskizunak Porrotx, Txapas eta Modestoren laguntzarekin. 14:00-16:00 artean, kantu bazkaria. Menua: lehenengoa, entsalada eta paella; bigarrena, redondoa eta saiheskia; postrea eta kafea. 16 euro. Izena emateko deitu 943 303504 astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara. 14:00-16:00 Haurrentzako talilerrak Sortzen-Ikasbatuazeko Euskaraz Mintzako begiraleek zuzendurik. 16:00-18:00 Erromeria Modestorekin.
Aiako festak, batetik Iruñeko Takoneran maiatzaren 24an ospatuko den jai handia girotzeko eta iragartzeko xedea du, eta bestetik Sortzen Ikasbatuak elkarteak duen eskola ereduarekin bat egiten duten gipuzkoarren arteko harremanak sendotzekoa ere bai.
Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak bere osotasunean sare publikoko ikastetxeak hartzen dituen erakunde bakarra da, eta bertan eskola komunitateko kide guztiek dute lekua, irakasle, guraso, eskola-langile eta ikasleek.