Atzo Laneko Osasuna eta Segurtasunaren nazioarteko eguna ospatu zen. Michelin-Lasarteko Enpresa Batzordeak deituta, eguerdiko 13:15etatik 14:15era atezaindegian kontzentrazio bat egin zen Bajen kudeaketa publikoaren alde eta FREMAP kanpora lelopean.
Enpresa Batzordearen hitzetan, 2008an 112 pertsona hil ziren lan istripuez, eta kopurua aurreko urtearekin alderatuta txikiagoa izan arren egoera tristea eta gordina da.
Honetaz gain, lan osasunarekin loturiko erakunde guztien arabera, lan gaixotasunengatik milatik gora dira hildakoak, hau da, heriotza-istripu bakoitzetik lan gaixotasunaz 10 hildako egoten dira. Zerrenda luze honi istripuko bajak gehitu behar zaizkio, lesio larri eta ez hain larriekin, baita Mutuek desbideratu eta gaixotasun arruntak balira tratatzen diren gaixotasun profesionalak ere.
Enpresekiko administrazio publikoen exijentzia ezak, lan ikuskatzaileen eskasiak (3.000 enpresako bat EHAEan) eta Osalan eta INSLen arteko koordinazio ezak egiten dute egoera bere horretan egotea.
Michelinen, langile guztiek jasaten dute Fremap-ek egiten duen bajen kudeaketa. Hau dela-eta, apirilaren 28an, egoera hau berriro salatu nahi izan zuten eta bide batez enpresan ematen diren bajen kudeaketa Gizarte Segurantzak egin ditzala exijitu.