Txapelketan mantentzeko Elgoibarren irabazi behar

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 4a

Pasa berri den asteburuko larunbat arratsaldean jokatu zen Michelingo frontoian XLII. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Nahiz eta ostirala jai izan eta herritar gehienak zubia eduki, bai pilotariek, baita entrenatzaileek ere jai egin gabe frontoian eman zuten eman beharreko guztia.
Herriareko Txapelketako kanporaketa ondo hasi bazuten ere, asteburu honetan partiden emaitzak pittin bat aldatu ziren.
Lehenengo kanporaketan herriko pilotariek 6 eta 0 irabazi zioten Idiazabalgo taldeari, baina bigarren kanporaketan, Elgoibarren aurka, egoera aldatu da.
Hiru partida jokatu ziren larunbatean, kadeteak, jubenilak eta seniorrak.
Kadeteetan Unai Ituarte eta Ander Rekondo pilotariek jokatu zuten Elgoibarko Konde eta Txurrukaren aurka. Gogoz aritu baziren ere, pilota partida galdu egin zuten 22 eta 12ko emaitzarekin.
Hurrengo partida berriz, jubenilena izan zen. Partida hau, aurrekoa ez bezala, irabazi egin zuten 22 eta 15eko emaitzarekin. Lasarte-Oriako Jon Pello Artetxe eta Gorka Mendizabal pilotariak aritu ziren Elgoibarko Arrizabalaga eta Arribillaga pilotarien aurka.
Azkeneko eta hirugarren partida seniorrena izan zen. Herrikoek partida hau galdu egin zuten 22 eta 4ko emaitzarekin. Elgoibarko Arrizabalaga (jubeniletan jokatzen duenaren anaia) eta Loiolak jokatu zuten herriko Aitor Aranburu eta Xabi Arteagaren aurka. Elgoibarko aurrelaria den Arrizabalagaren sakeek min handia egin zioten herriko Arteaga pilotariari, tantu gehienak sakez lortu baitzituzten elgoibartarrek.
Hala ere esan beharra dago dena ez dagoela bukatuta, eta hurrengo partida ostiralean jokatuko dutela Elgoibarren. Ea orduan herrian baino emaitza hobeagoak dituzten.
Joxe Felix Solanok, herriko pilotarien arduradunak, ahal duten guztia emango dutela ziurtatu zuen larunbatean. Elgoibarko pilotarien entrenatzaileak aldiz, beraiek kanporaketan lana txukun egitea eta aurrera joateko aukera izango dutela uste du.