Kontakizun ateoa

Txintxarri Aldizkaria 2009ko mai. 4a, 02:00

Lasarteoriatarraren kontakizun labur bat argitaratu du Tenerifeko La Laguna hiriko [i]"La Colmena"[/i] liburutegi eta argitaletxeak. Ateismoaren inguruko 20 lan bildu dira guztira liburuan. Sariketa bat antolatu zuen [i]Tierra de fuego[/i] taldeak, hain juxtu, jasotako materiala liburu batean bildu eta argitaratzeko asmoarekin batetik eta lortutako irabaziak ateismoa aldarrikatzen duten ekimenetan eta apostasiaren aldeko kanpainetan erabiltzeko bestetik. Rafari egoki iruditu zitzaion asmoa eta "Aquellas noches de la infancia pasada" narrazioa bidali zuen.

Sariketa ateoaren berri izan zuenean bere kontakizun laburra idatzi eta bidali egin zuen Rafa Lopezek. Eta beste 20 poema, narrazio eta bestelako lanekin batera argitaratu dute. Euskaldun berria da, euskaltegian ikasi du euskara eta gazteleraz idazten du.
Lopezek berak kontatu digu sariketaren helburua erlijioaren beste ikuspuntu bat ematea zela, ateismoa aldarrikatzea, alegia. "Literatura ateoa da hau, literatura erlijiosoa dagoen bezala hau literatura ateoa da". Ateismo gaiaz gain, ez zen idazlearentzat mugarik. Generoa ere librea zen, izan zitekeen olerkia, saiakera edo narrazioa, denetarik onartzen zuten.
“Aquellas noches de la infancia pasada" kontakizun laburrean bizipen batzuk fikzioarekin lotu ditu. Rafa Lopezek azaldu digunez, orain dela bospasei hilabete idatzi zuen eta poz handia hartu du beste hogei autoreen lanekin batera argitaratu diotela ikustean.
Literatura zaletasun handia badu ere ez du asko idazten, baina asmoa eta bere helburuak ezagututa animatu egin zen. "Ni ateoa naiz, ez dut sinesten. Biblia niretzat liburu oso on bat da baina zientzia fikziozkoa" aitortu digu.
Bat egiten du beraz, kanariarren pentsamenduarekin. Lopezek kontatu digunez, liburuaren helburua ez da komertziala, lortzen den dirua ateismoa zabaltzeko erabiliko da. Apostasia bultzatzeko adibidez. Berak bidali zion elizari apostasia edo elizatik ateratzeko eskaera, baina oraindik ez diote erantzun.
Literaturzalea da Lopez, beti ari da libururen bat irakurtzen. Gustukoen artean ditu nobelak, "nobela historikoak batez ere". Patrick Süskind du gogoko, bere liburu gehienak irakurri ditu, el perfume, un combate y otros relatos, la paloma..., baita Mary Shelleyren Frankenstein... eta kontakizun laburrak ere bai, irakurtzeko errazak direlako.

Liburua eskuratzeko
Herriko idazleak Manuel Lekuona kulturetxean jarriko ditu liburuaren ale batzuk, etxera eraman eta irakurri nahi dutenentzat.
Bestela, Rafa Lopez-en liburua erosteko, posta bidez eskatu daiteke La Colmena argitaletxean, 618 posta-kutxa, La Laguna 38205 Tenerife helbidean, e-mailez bibliotecalacolmena@gmail.com helbidean. Bost euroren truke bidaltzen dute liburua. Bestela, Gasteizko alde zaharreko Pandora liburudendan ere salgai dago eta Kataluniako Virus editoriala ere banatzen ari da liburua Estatu osoan.