“[i]Ku[/i] (hutsunea) eta [i]Do[/i] (bidea) kontzeptuak bizitzaren oinarri dira”

Nerea Eizagirre 2009ko maiatzaren 4a

Ku erakusketa Miyamoto Musashiren El camino del Samurai. El libro de los cinco anillos liburuan du oinarria. Miguel Angel Oriberengan eragin handia izan zuen eta liburuan agertzen diren kontzeptuei buruzko erakusketa egitea bururatu zitzaion. Erakusketa ikusteko azken egunak dira hauek, maiatzaren 7a arte egongo baita Gros auzoko NoColor aretoan.

Nola topatu zenuen Miyamoto Musashiren liburua?
Kasualitatez aurkitu nuen, zoria izan zen. Oporretan paseatzen ari ginela, liburu denda berezia ikusi genuen, guztia Japoniako kulturarekin zuen zerikusia eta liburu hau El camino del Samurai interesgarria iruditu zitzaidan.
Ba ziren urte batzuk, Japoniarekin zerikusia zuten gauzek, gastronomia, historia edo zinema deigarri egiten zitzaizkidanak. Baina ez nuen irakurtzeko ezer bilatu eta liburua ikusi nuenean emazteari esan eta oparitu zidan.
Irakurri eta marrazten hasteko aukera eman zidan. Liburutik koadroak eta marrazkiak egin nituen. Azpimarratzekoa da, erakusketa honetan marrazkiak daudela. Nik egiten ditut, baina ez ditut hainbeste erakusten.

Musashiren liburuko Ku (hutsunea) kontzeptuek eragin handia izan du zuregan...
Musashik hutsuneari buruz dio, ikaskuntza epe baten ostean iristen zaren egoera mentala dela, jakinduria batzen duzun bidea dela. Bide horren bukaera argi zuri eta distiratsua da, jakinduriaren hutsunea. Orduan, buruak ez du gogoratu behar nola egiten diren gauzak, bakarrik egiten ditu. Ideia poetikoa eta filosofikoa da.
Eta zer da hutsunea? Guk hain entzuna duguna, Oteiza eta beste artistek asko erabili duten kontzeptua da, ba Musashik antzeko gauza esaten zuen baina XVII. Mendean.
Hain ezberdina den kultura batean, hain urrun. Irakurtzen jarraitu eta gauza askotan bat zetozen. Oteizak bere kutxa metafisikoak aurkezterakoan zalaparta handia sortu zuen, hutsuneak ez zeuden hutsik bere ustez, eskulturako huts horrek ez zuen ezer baina dena zuen. Hor zegoen betidanik eta berak aurkitu zuen.

Baina ez da bakarra izan, Do (bidea) kontzeptuak ere...
Bizitzaren oinarria dira. Bi kontzeptuak, gainera, aurretik interesgarri iruditzen zitzaizkidan.
Bidea edo bidaia, gai oso interesgarri iruditzen zitzaidan. Oso gustuko dut bidaiatzea. Bidaiaren ideia poetikoa, errealitate bihurtzen ez dena, zerbait aurkitu, leku berria ezagutu,... ideia hori ere erakusketan dago.
Pieza berria egiten duzunean, marrazkia egiten duzu, baina materialarekin zaudenean berriro ere hutsetik hasten zara eta zatiak egin, tolestu, hutsuneak sortu, etab. Nondik joko duzun uste duzu baina ez dakizu guztia. Beti dago misterio puntu bat.
Ongi etorri zitzaidan, jarraitu behar den bidea aipatzea eta nik neure barruan bueltaka nituen gauza asko argitzen lagundu dit horrek.

Baina erakusketan arkitekturak ere garrantzia handia du, ezta?
Bai, nahi gabe lotura ikusi daiteke erakusketa honen eta Tolosan duela hiru urte egin nuenaren artean. Hura arkitekturi buruzkoa zen, ia %100.
Betidanik gustatu zaidan gaia da eta hainbat elementu interesatzen zaizkit, hormak, hutsuneak, argizuloak, zutabeak... Elementu batzuk daude interesgarriak iruditzen zaizkidanak eta oso eskultorikoak, haiekin jolastu eta nahi dudana egin baitezaket. Zutabearen ideiarekin, zutabea dirudien zerbait egin daiteke baina nire hutsune eta borobilekin jolasten uzten didana.
Arkitektura nire lanetan ikusi ahalko da. Marrazki asko ditut eta obra asko bukatzeko. Beraz, agian beste bi edo hiru erakusketetan arkitekturaren gaiak lekua izango du.

Koadroak ere ikus daitezke...
Nik ez ditut koadroak egiten ez naiz marrazlea, ni eskultorea naiz eta koadroa edo mihisea eskultura bezala ikusten dut bolumenak ematen.
Bolumenarekin jolastea gustuko dut, plano eta materia ezberdinak bata bestearen gainean gehitzen joan, esate baterako, egurra horiz margotu eta gero hutsune batzuk egin, hori baita niri interesatzen zaidana.
Nik koadroa atera nahi dut, bolumena egin eta obrak arnas hartzea eta kanpora atera dadila.

Proiekturik ba al duzu?
Esku artean proiektu bat daukat orain. Baina urte bukaera arte ez dut besterik, beraz,erakusketa alde batetik bestera eraman nahi dut, Madril edo Lisboara.
Eta etorkizunean ba Lasarte-Orian zerbait jartzeko ahaleginetan. Nik begiz jo dut eliza ondoan sortuko den oinezkoen eremua, bertan Gizona bat edo talde eskultura bat egotea ondo legokeela uste dut. Eskultura arin eta lirainak dira, ez lukete arazorik sortuko. Proposamena egin nion Udalari, baina oraindik ez dugu ezer hitz egin.
Beste proiektu bat Oria ibaiko hertzean egingo duten pasealekutik Michelin parean dagoen irlara zubi bat egitea izango litzateke, baina beldurra ematen dit naturarekiko izango duen ondorioengatik. Ongi eginda, leku polita izan daiteke pasealekua bukatzeko. Lasai egoteko lekua izango litzateke, pentsatzeko lekua.
Bertan ere, eskulturaren bat jarri nahiko nuke, aterpe antzekoa. Ongi sentitzeko lekua. Herriko zaratatik urrun, baina herri ondoan.