Buruntzaldeko herrialdeak lotuko dituzten bi autobus-lineak maiatzaren bigarren hamabostaldian martxan jarriko direla adierazi zuen Arantza Tapia Mugikortasun diputatuak apirilaren 28, asteartean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako bileran.
Ezker Batua Berdeak taldeak Foru Gobernuarekin 2008ko aurrekontuetan adostutako akordio da Buruntzaldeko herriak batuko dituen autobus-linearena. Eta urtarrilaren 14ean autobus-linea berriaren berri eman zen arren atzerapenak egon dira.
Horregatik, Arantza Gonzalez Ezker Batua Berdeak taldeko batzarkideak, bere poza agertu du, azkenean martxan jarriko baitira.
"Benetan garrantzitsua dena hauek berehala martxan jartzea da, itxaroten denbora larregi daramagu eta", adierazi du Ezker Batua Berdeak taldeko batzarkideak. Esan duenez, autobus-linea hauek zonaldeko hiritarren aldarrikapen bat dira eta tresna garrantzitsua izango dira garraio publikoa bultzatzeko.
Bi autobus-linea
Astigarraga-Hernani-Lasarte-Usurbil eta Urnieta arteko autobus-linea bakarra sortzea aurreikusten zuen 2008ko akordioak.
Baina, bigarren ingurubideko lanak bukatu arte, linea bi ezartzea erabaki da, Astigarraga, Hernani, Lasarte eta Usurbil, alde batetik, eta Urnieta-Lasarte-Zubieta eta Usurbil, bestetik.
Bi autobus-linea hauek egun lur eremu ezberdinetan dauden lau autobus konpainiek egiten duten lana egingo dute.
Lurraldebus
Era berean, Lurraldebus sarea osatuko dute Buruntzaldean. Eta honi esker, eremuko herritarrek Lurraldebus txartela erabili ahal izango dute eta lehenengo egunetik autobus bidaietan deskontuak izango dituzte
Arantza Gonzalez Ezker Batua Berdeak taldeko batzarkideak hiritarrak autobus-linea berri hauek erabiltzera animatu nahi ditu herritarrak.
"Autobus-linea hauek mugikortasun sostengarriagoa lortzen lagunduko dute eta eskaintza erakargarria eta ekonomikoa eskainiko dute," adierazi du Ezker Batua Berdeak taldeko batzordekideak. •