Landaberriko Patruila Berdea

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 4a

Lan oparoa egiten ari dira aurtengo ikasturtean Landaberri ikastolan Patruila Berdeko zortzi ikasleak. Agenda 21 ekimena jorratzen hasteko zaborraren gaiari heldu diote. Patruilaren zeregina ingurumena hobetzeko ideiak lantzea eta beste ikasleei proposatzea da. Esperientzia interesgarria dela aitortu dute patruilako kideek eta zenbait ekintza konkretu garatzen ari dira ingurumenarentzat kaltegarri diren ohiturak aldatzen joateko: ikastolako sarreran txoko berdea dute informazio interesgarria emateko, nonahi aurkitu daitezke plastikoa biltzeko edukiontzi horiak eta kanpoan daukate zabor organikoa biltzeko eta konpostatzeko ontzia.

Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan lau gela dira Landaberrin eta seigarren mailan beste lau. Gela bakoitzetik ordezkari bat aukeratu, eta 10-12 urte arteko zortzi lagun horiek osatu zuten ikasturte hasieran Patruila Berdea. Ordutik hiru mailatan lana egin dute, sentsibilizazio fasean ikasle guztiek gaiari buruzko informazioa jaso zuten, ondoren ikastolaren egoeraren diagnostikoa egin zuen Patruilak eta azkenik ikastolako zenbait joera aldatzeko ekintza zehatz batzuek garatu dituzte.
Lehen unean, ingurugiroari buruzko zenbait bideo eta bideo jokoen bidez, informazioa jaso zuten ikasleek. Gainera 5 eta 6. mailan gela bakoitzak ordezkari bat aukeratu zuen Patruila Berdea osatzeko. Patruilako ordezkarien iritziz bi gai dira eurengan nabarmenki eragin dutenak, kontsumoa eta zaborra. Biak lotuta daudela garbi dago, asko kontsumitzen da eta zabor asko sortzen dugu ondorioz. Gai hau lantzen ari dira eta Patruilak dio ikastolan eraginik izan duela, zenbait ohitura aldatzen ari direla eta ez dagoela lurrean horrenbeste zabor.
Bigarren fasean, Patruila Berdeko kideak gelaz gela pasa ziren galdeketa baten bidez aztarna ekologikoa ateratzeko, hau da, pertsona bakoitzak bizitzako premiak asetzeko eta sortzen dituen hondakinak asimilatzeko behar duen naturaren azalera. Arazoa sortzen da toki batean dagokion aztarna baino gehiago kontsumitzen denean, horrela bizitzeko planeta bat baino gehiago beharko litzake eta. Landaberrin ere ikasle, irakasle eta gurasoen artean emaitza altuak atera ziren, hau da, "testaren emaitzen arabera, bataz beste kutsatu dezakeguna baino gehiago kutsatzen dugu, guri dagokigun planeta zatia janda daukagu".
Gelaz gela pasa zen Patruila jasotako informazioa eman eta galdera batzuk eginez; papera berrerabiltzen zuten, plastikozko zaborra bereizten zuten eta antzeko galderei erantzuteko astebete izan zuten eta denak jasotakoan ondorioak atera zituzten: gela batzutan oso gutxi berrerabiltzen zen papera, plastiko asko erabiltzen zuten, eta pare bat edo hiru gelatan izan ezik, gainontzekoetan ez zegoen hau jasotzeko edukiontzirik, ezta gelatatik kanpo aztertu zituzten beste zenbait lekutan ere, adibidez irakasleen kafetegian.

Plastiko ugari
Azkenik, ekintza fasean da Patruila. Patruilariek eurek azaldu digutenez, "diagnostikoaren emaitzak landu, ondorioak hartu eta ideiak ematen ditugu gauzak hobetzeko. Adibidez irakasleen gelan kafearentzat plastikozko edalontziak erabili ordez bakoitzak etxetik berea ekartzeko proposatu dugu edo ondo konpostatzeko zerrenda bat jarri dugu zer bota daitekeen eta zer ez azalduz. Beste ideietako bat hamaiketakoa albal paperean bilduta ekarri ordez tuper batean ekartzea da. Hau oraindik ez dugu lortu, ikastetxe kanpoan dauden ontziak plastikoz asko betetzen dira, plastikoarena izugarria da”...
Zaborra bereizten hasi direnean konturatu dira plastiko pila botatzen dugula. “Horregatik behin baino gehiagotan eskatu diogu San Markoseko Mankomunitateari edukiontzi handi hoietako bat ekartzeko, baina ez digute ekartzen”.
Agenda 21 garatzen ari diren irakasleen ustez ere esperientzia oso interesgarria da: “Ingurugiroarekiko kezka ez da berria Landaberrin, ez da oraingoa. Baina lehen, lana ikastetxe mailan egiten zen eta ekimenek ez zuten loturarik inguruko ikastetxeekin". Lasarte-Oriako Udala Agenda 21 ekimena garatzen ari da, baina oraindik ez du Eskola Agenda 21 martxan jarri. Laister jartzeko asmoa omen du eta orduan bulzada handia izango du herriko ikastolen taldea sortuko delako eta elkarrekin lan egiteko aukera izango dutelako. Bien bitartean Landaberri ikastola Hernaniko ikastetxeekin koordinatu da. Herri mailako ekimena izan ala ez izan, aurten kontsumoa eta zaborra bezala, hurrengo urtean uraren gaia landuko dute.