Nola hasi zinen kamisetak diseinatzen?
Betidanik gustatu zait. Oso mugitua naiz eta gauzak ikastea gustuko dut. Hasten zara koadroak margotzen eta belarritako batzuk ikusten dituzu; erraza dirudi, posible da guk egitea,... hasten zara hori egiten, gero kamiseta batzuk ikusi eta hori ere egiten duzu.
Gainera, kamiseta bat erostera zoaz eta kamiseta bereziak erosten dituzu, nik egindakoen antzekoak, edo kamiseta itsusiak daude. Zenbaki handiak edo ingelesez dauden esaldiak eramatea dago modan, nahiz eta esanahia ez ezagutu. Nik ez dut horrelakorik gustuko. Gainera oso sinpleak dira.
Beraz, denda berezietara zoaz kamisetak erosteko edo kamiseta lisoa erosten duzu eta zuk gustuko duzuna egiten duzu.
Eta noiz hasi zinen?
Uste dut duela lau edo bost urte lehenengo kamiseta egin nuela. Bat bakarrik egin nuen nire ilobaren igaro erritoa izan zen eta bat oparitu nion. Hori egin eta hurrengoa egin arte bi urte igaro ziren. Nire lagun bati oparitu nion bere urtebetetzean. Horiek josita egin nituen. Eta kasualitatez beste lagun batek ikusi eta horrelako bat nahi zuela esan zidan.
Honela, urtebetetze batean lagun guztiak bildu eta kamisetak banatu nizkien guztiei. Eta orain batzuetan eskatzen dizkidate.
Zaletasuna da zuretzat edo lanbidea?
Nik diseinua ikasi dut, baina hau zaletasuna da. Beno egia esan, erdia ikasketa eta erdia hobbya. Oso urduria naiz eta gauzak egitea behar dut. Adibidez, jendeak etxea garbitzen du eta ni etxean nagoenean, hau josten dut honekin eta hau horrela margotu...
Etorkizunean espero dut kamiseta nik ere diseinatzea, baina pixkanaka. Orain, proiektua aurkezten ari naiz ikasketak bukatzeko eta ikusiko da.
Zein teknika erabiltzen dituzu kamisetetan?
Ba, josi eta margotu. Margo berezi batzuk daude oihalean margotu, plantxatu eta marrazkia finkatzen da.
Niretzat antz handia du serigrafiarekin, batik bat marrazkia oihalean nola geratzen den ikusita. Serigrafia agian txukunagoa da. Ukitzen baduzu ez dauka ezberdintasun handirik. Hala ere, dibertigarriagoa da marrazkia bertan egitea, eskulana baita.
Eta nola ikasi dituzu erabiltzen dituzun teknikak?
Ez ditut inon ikasi. Nik neure kabuz ikasiak dira. Materiala erostera zoazenean kezkaren bat edo baldin baduzu ba saltzaileek azaltzen dizute. Zu saiatzen zara eta batzutan ongi ateratzen da eta besteetan desastre hutsa da. Normala da horrela izatea.
Esate baterako, erakusketarako ekarri dudan kamisetetako bat taulan jarri eta oihala oso baxu josia dagoela konturatu naiz. Gero akats horiek gorputzean ez dira nabari. Bigarrena edo hirugarrena zen eta normala da. Gainera, lehenengoan amak lagundu ninduen eta niri beldurra ematen zidan ze pedala zanpatu eta abiadura handia du makinak.
Lan handia al da kamiseta diseinatzea?
Teknikaren arabera. Josteak lan handia dakar eta marrazkiari dagokionez, ni normalean marrazki sinpleak egiten saiatzen naiz. Izan ere, asko margotzen baduzu kamiseta pitzatzen da eta itsusia geratzen da.
Lan polita da. Gustuko dudan gauza izanik eramangarriagoa da. Ni oso urduria naiz eta ez daukat pazientziarik eta kamisetak egiteko beharrezkoa da lasaia izatea. Hala ere, horrelako gauzekin lasai egotea lortzen dut. Kamisetak edo puzzleak, esate baterako, gustura egiten ditut. Lan goxoa da eta bat batean konturatzen naiz erritmoa daramadala, lasai nagoela eta denbora pasatzen dela.
Nolako gaiak erabiltzen dituzu kamisetetan?
Lehen aipatu bezala, marrazki errazak egiten saiatzen naiz eta, era berean, gauzak isladatzen dituztenak, niretzako esanahi handia dutenak.
Normalean lagunei egindako kamisetak dira eta haiek iradokitzen didatena marrazten dut. Batzutan niri gustatzen zaidan ideia da, baina besteetan iradokitzen didatena marrazten dut.
Oihalarekin egindakoek ez dute esanahirik. Baina margotuak oparitzen ditudanean nik sentitzen dudana edo hain sentimentala ez den ideiaren bat adierazten dute.
Kamisetak koadro baten mihisea dira zuretzat?
Bai horrela da. Ezberdintasun handia dago. Gogo berdinarekin egiten dituzu zerbait adierazi nahi duzulako. Suposatzen da kamisetak gehiago ikusten direla. Baina niri biak gustatzen zaizkit, txikitatik marraztea gustuko dut eta.
Kirioak dantzan erakusketan zer ikusi daiteke?
Hamar kamiseta jarri ditugu ikusgai, gehiago nituen baina ez dira denak sartzen.
Guztiak lagunenak dira, beraz erakusketarako utzi dizkidate eta oihalarekin eta margoarekin eginak daude. Lehenengoa, ilobaren igaro erritokoa, erakusketan dago eta beste batzuk ere bertan daude.
Jendea hurbildu dadila eta gustuko duen edo ez ikusiko du. Kamisetak dira eta bakoitzak ikusi behar du zer sentitzen duen horiek ikusterakoan.
Gainera, norbaitek erakusketako kamiseta baten erreplika nahi badu, nirekin harremanetan jarri daiteke, vaneadore@hotmail.com, helbide elektronikoan.
Irakasle lanak egingo dituzu aurki, ezta?
Bai horrela da. Ttakunetik deitu zidatenean txundituta geratu nintzen, andereñoa ni. Baina ni oso urduria naiz, ezin dut klase bat eman. Hala ere, nik beti ezetza pentsatzen dut lotsa edo beldurra dudalako eta era berean bidean nago.
Dibertigarria izango da ikasi nahi duen jendearekin egotea. •