Elementu arriskutsua lurrean

Txintxarri 2009ko maiatzaren 8a

Aurreko egun euritsu batean eta udal haurtzaindegiko aldapatik behera nindoala, irrist eginda hankaz gora lurrera erori nintzen. Erori nintzenean, burura etorri zitzaidan lehenengo gauza alaba haurtzaindegian utzita neukala izan zen, besoetan eraman nezakeela pentsatze hutsak hotzikara sortu zidan. Irrist zergatik egin nuen jakin nahian, erori nintzen lekura joan eta han ikusi nuen Telefonicak lurrean jartzen dituen tapa horietako bat.Tapak inguruan metalezko marko bat dauka eta hori bustita zegoenez, hanka gainean jartzean erori egin nintzen. Tapa hau lehen esan bezala udal haurtzaindegia dagoen aldapan dago, haurtzaindegiaren pare parean, baina gorago beste bat ere badago. Esan didatenez haurtzaindegiko bazkariak prestatzeko bertaratzen diren hornitzaileek arazo bat baino gehiago izan dute tapa hauekin ere, baina udalean kexak aurkeztu arren arazoak hor jarraitzen du. Haurtzaindegira gure seme alabak eramaten ditugun gurasoentzako, aiton-amonentzako, Sasoetako ikastetxera doazen ikasleentzako horrelako elementuak oso arriskutsuak direla iruditzen zait. Guzti honengatik gutun honen bidez udalari, benetan ezer larria gertatu baino lehen, arazo honentzako konponbide bat aurkitu dezala eskatu nahi diot, nire izenean eta arriskuan egon daitekeen edozeinen izenean.

A.G.