Yanelle Sidokpohou Afrikatik urrun sendatu bitartean

jon-altuna 2009ko mai. 8a, 02:00

Platano bat jaten sartu zen Yanelle Sidokpohou Ttakuneko bulegora. Otsailean ebakuntza egin zioten artean ezin zuen horrelakorik egin, ezta ahoa zabaldu ere. Beningoa da eta Gizakien Lurra, GKE, Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez etorri zen azaroan Donostiako Hospitalean operatzeko. Hilabete hauetan Edu Galardi, Isa Fernandez de Agirre eta hauen alaba Maider eta Aneren etxean bizi izan da. Laster, ahoko arazoa konponduta, bere herrira itzuliko da irribarre berriarekin.

Masailetako displaxia du Yanelle Sidokpohou 15 urteko Beningo neskatoak jaiotzatik. Ahoko hezurrak itsatsita zituen, ezin zuen ahoa ireki, eta ondorioz oso zaila egiten zitzaion jatea edota mintzatzea bera. Gizakien Lurra fundazioaren bidez azaroaren 27an etorri zen eta otsailaren 16an operatu zuten. Nazioarteko laguntzari esker egitasmo interesgarria garatzen du GKE honek, Afrikan sendatu ezin diren edota zailtasun handiak dituzten haurrak Europara sendatzera ekartzeko.
Masail edota aurpegiko arazoak dituztenak normalean Donostiara ekartzen dituzte. Bertako ospitalean aritzen den Arruti doktorea aditua da aurpegi-masailetako kirurgian eta berak egiten ditu ebakuntzak. Duela bi urte, Augustine sendatu zuen, antzeko arazoa zuen Beningo beste haurtxo bat. Yanellek arazo larriagoa zeukan, baina Donostiako ospitalean egin dioten ebakuntza ondo atera da. Jada ahoa zabaltzen du, zenbait hilabete daramatza ariketak egiten eta egun batzuk barru jaioterrira itzuliko da.
Orotara ia sei hilabete daramatza Euskal Herrian eta esan daiteke ondo egin dela bizimodu eta egoera berrira. Ez da eskolara joan, helburua sendatzea izan delako, baina gauza asko ikasi ditu: bizikletan ibili da, igerilekuetara joan da, Amalurren panderoa ikasten ari da, Korrikan, Santa Agedan edo Santotomasetan parte hartu du eta pozik dabil bere adineko beste haurrekin hara eta hona.
Edu Galardi eta Isa Fernandez hemen izan dituen gurasoek adierazi digutenez, euskara ere ikasi du. Beraien ustez, "ia dena" ulertzen du, gero hitz egiten ausartzen ez bada ere.
Yanellerentzat bizimodu aldaketa izugarria izan da. Hainbat gauza deskubritu ditu, ospitalean ebakuntza egin ziotenetik, esaterako bere mingaina. Mingainarekin jolastea gustuko du eta murtxikatzen ere ikasten ari da.
Orain arte eskuekin txikitzen zuen jatekoa. "Afrikan eskuekin jaten dute, baina berak eskuekin txikitu eta hortz artean jartzen zuen. Orain gutxi gorabehera guk bezala jaten du, nahiz eta eskuak erabili" azaldu digu Edu Galardik.
Medikuak alta eman arte ez da itzuliko Benin-era. Maiatzak 21ean du kontsulta. "Medikuak erabat ondo ikusi nahi du, ez dakigulako behin joan eta gero ariketak egiten segituko duen ala ez. Ahoa benetan irekitzen duela ziurtatu nahi du medikuak. Augustine, aurreko haurra, lau hilabetetan egon zen. Honek ia bost badaramatza eta beste hilabete egongo da gutxi gorabehera" esan zigun duela egun batzuek Edu Galardik.
Bikoteak inguruan zenbait laguntzaile ditu. Yanelle eritetxean egon zenean bolondres guztien artean egiten zituzten txandak. "Ez gara gu bakarrik. Inguruan jende asko dago. Borondatez jende askok lau orduko txandak ditu zaintzak egiteko, gauak pasatzeko. Gau eta egun berarekin gu egon ez gaitezen. Maialen Suberbiola eta Julen Ollokiegi dira senide laguntzaileak. Beharrezkoak dira: gaixorik bazaude, edo arratsalde batean atseden hartu nahi baduzu, beraiekin uzten dugu Yanelle. Talde bat dago atzean. Gainera ez da ahaztu behar, bere familia daukala eta haiengana bueltatuko dela sendatzen denean" azaldu digu Isa Fernandezek.

Multilinguismoa

Familia bat osatu du hemengo guraso, eta hauen alabekin. Aita, ama eta ahizpa dira beretzat. Benin-en hiru anai-arreba ditu, beste bi neska eta mutikoa. Ondo konpondu dira hemen batak bestearen hizkuntza menderatu ez arren: "multilinguismoa praktikatu dugu; komunikatzen gara, ulertu ez hainbeste, baina..." esan digute lasarteoriatarrek.
Edu Galardik azaldu digu beraien herrialdean badutela euren hizkuntza, baina eskolan frantsesa erabiltzen dutela eta etxean horrela hitz egiteko esaten diola aitak. "Euren hizkuntza galbidean dute, hala ere elizkizunetan mantentzen dute".
Telebistan aritzen da lanean Edu Galardi eta Beste Gu Dani Arizagaren programan ikusita jakin zuen Gizakia Lurrean GKEaren berri. Saio batean haurrak hartzen zituen beste familia bat ezagutu zuen Eduk, polita iruditu zitzaion haurrak sendatzeko ekartzea,... eta etxean kontatu zien emazteari eta bi alabei.
Besteei txandak egiten hasi ziren, Donostian, ospitalean zeudenean: "oso esperientzi polita izan zen, astean behin lau orduko txanda bat egitea zer da ba? Gero etxean hartzeko animatu ginen. Augustine, lau hilabete egon zen gurekin eta orain Yanellerekin, errepikatu egin dugu". Augustineren agurra, aireportuan, gogorra izan zela oroitzen dute: “nahi gabe ere loturak egiten dira, eta konturatzen zara bukatu egin dela". Yanellek ere pena hartuko du joatean, baina, bestetik, alaitu ere egingo da han bere familiarekin elkartuko da eta. Oporretan etorri dela esaten du.

Harrera familiak

"Garrantzitsua da azpimarratzea harrera familiak behar direla" esan digu Edu Galardik. "Laguntza familiak eta ospitaleko laguntzaileak izateko ez dago arazorik, erraz edo eroso pasatzen dira egun batzuk ospitalean. Harrera familiarena zailagoa da". Galardiren iritziz: "askotan uste duguna baina askoz gehiago eman dezakegu, ezin duzula pentsatzen duzu, baina gero ez da horrela". Galardi eta Fz. de Agirre, biak ari dira lanean, baina konpondu dira eta ez dira damutzen. "Esperientzia oso ona da eta errepikatu dugu. Badauzka momentu zailak, ebakuntzaren ostean, errehabilitazioa hastean mina egiten diozu, orduan hori gogorra da, baina une pozgarriak ere badaude".
Yanellek izan duen hobekuntza nabaritu dute: “jaterakoan batez ere aldea handia da. Orain, txiklea, platanoa edo bokata jan eta zurrupatu dezakeela ikusten du, bera konturatzen da eta hori polita da".
Yanelle Sidokpohou-k gauza berriak ikusi ditu hilabete hauetan: elurra, itsasoa, hondartza... Eguraldi ona egin zuen batean uretan sartu nahi zuen; Beninen beti bero egiten du eguraldi ona ala txarra egin, ez daukate giro ezberdineko urtarorik, hemen bezala. "Beraz ez du ulertzen hemengo urtaroen sistema. Oso gustura dago, baina itzultzeko gogoa ere badu”.