Azkorteko erromeria igandean

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 8a

Azkorteko erromeria igande honetan ospatuko dugu. Santa Krutz egunaren ondorengo igandean antolatu ohi du Lasarte-Oriak erromeri hau ohitura legez.
Maiatza giro ederrean hasteko aukera paregabea da Azkorteko erromeriarena. Giro bikaina sortzen da erromeri honetan, eta primerako igande goiza pasatzeko aukera ona da, beti ere, eguraldiak laguntzen badu.

Egitaraua

Erromeriari hasiera emateko, 11:00etan meza ospatuko da Azkorteko ermitan. Bertan izango dira Alboka abesbatzako kideak eta Amalur eskolako trikitilariak meza kantuz laguntzen.
Ondoren, festak ermita kanpoaldean jarraituko du. 12:30etik aurrera, herri kirolak ikusteko aukera izango da eta bikotekako lehia bizia ikusi ahal izango da.
Aizkora lanetan, Mugertza aita-semearen arteko norgehiagoka egongo da eta harri-jasotzen bi gaztetxo izango ditugu, 16 urteko Idoia Etxeberria eta 13 urteko Beñat Telleria.
Egin beharreko lanak enborrak aizkoraz moztu, harria jaso eta enborrak trontzatu.
Lasarte-Oriako Bertso-eskolako Patxi Etxeberria eta Unai Muñoa ere bertan izango dira bertso batzuek kantatu eta giroa alaitzeko.
Honetaz gain, goiz guztian zehar, Amalur eskolako gaztetxoek beren doinuekin erromeria girotuko dute.
Aterpean, gainera, tabernatxoa egongo da salda, pintxo eta edariekin erromeria nahi den adina luzatzeko.
Azkorteko erromeria Ttakun Kultur Elkarteak antolatzen du eta Udaleko Gazteriako, Festetako eta Kiroletako Batzordearen laguntza jasotzen du.

Autobusa

Urtero moduan, ezin izango da kotxeetan ermitara hurbildu. Kotxeak uzteko erabiltzen zen lekurik ez dago orain, eta, horregatik, Urnieta bideko bidegurutzetik gora ezingo da kotxean igo.
Horren ordez, autobusa jarriko da goizeko 9:00etatik aurrera Lasarte-Oriako erretiratuen elkartetik. Honek ordu-erdiro egingo ditu bidaiak eta goiz osoan zehar gora eta behera ibiliko da. Ibilbidea doan izango da.
Autobusak plaza mugatuak dituenez, mezetara joan nahi duenak autobusa nahiko goiz hartzea gomendatzen da.
Hori bai, sasoiko dagoenarentzat, egokiena, joan-etorria oinez egitea da.
Ibilbidea oso polita baita, eta ez oso luzea; gainera txukundu berri dute ermitaraino doan ibilbide osoa.