Zoriontasuna nola lortu, Giza balioen hitzaldi sortan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 8a

Astelehena maiatzaren 11n hasiko dira Balioetan hezi izenburua daramaten VI. Jardunaldiak.
Urtero Danok Kide elkarteak antolatzen dituen jardunaldien gai zentrala zoriontasuna izango da aurtengoan eta zikloaren titulua Giza balioak: zoriona lortzeko bide bat izango da. Hitzaldiak kulturetxean burutuko dira maiatzaren 11tik 14ra, egunero 19:30ean.

Lau ikuspuntu

Lau perspektiba ezberdinetatik jorratuko dute gaia eta horretarako ikuspegi bakoitzeko espezialista batek jorratuko du zoriontasunaren gaia.
Hizlariak eta gaiak ondokoak izango dira; Concepcion Medrano Garapen psikologia eta hezkuntza irakasleak Zoriontasuna filosofiatik hitzaldia eskainiko du, Javier Elzo Imaz Soziologia katedradunak Gizarte zoriontsua hitzaldia, Xabier Andonegui Mendizabal Donostiako Erlijio-zientzien Goi Mailako Institutuko zuzendariak Zoriontasuna bizitza perspektiba bezala hitzaldia eta Patxi Izaguirrek Zoriontasunaren ikuspegi psikologikoari buruzko hitzaldia.
Hitzaldi guzti hauek askotan egonkortasun soziala, ekonomikoa eta politikoa, zorionaren iturburutzat jo izan direla erreflejatuko dute.
Baita nahasmena, gerrak, liskarrak, dirua eta handinahia nagusi diren mundu honetan, biziki zorionaren traza duen zerbait sentitzen saiatzen garela ere.
Guzti honen aurrean gizakiarentzat giza balioak anaitasuna, bakea, etengabeko hobekuntza eta autorrealizazioa lortzeko bidea dira.
Balio horietan heziaz lortzen du gizakiak gauzen arteko hierarkia bat ezartzen, honakoak zenbait sakrifizio eta uko ekarriko badizkio ere.
Giza balioen bidez lortzen du gizakiak giza legez jokatzea, gizatasuna. Balio eskala horrek mugatuko du bere pentsamendua, bere portaera, bere izatearen arrazoia, bere zer izana; eta bide batez, gizaki ororen xederik gorena ekarriko dio, zoriona.