Lurrarengatik borrokan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 8a

Komite Internazionalistek eta Mundu bat GKEak antolatuta, asteazkenean Lurrarengatik borrokan. Emakumeak borrokarako prest hitzaldia burutu zen Manuel Lekuona kultur etxean.
Bertan Brasilgo MST elkarteko Edinalva Moreira eta Mozambikeko Nekazaritza nazio-batasuneko Ana Paula Taucale kideek bere lurraldeetako egoeraz hitz egin eta haien elkarteek nekazarien alde egiten dutena ere azaldu zuten.
Aurretik, Brasilen lurrik ez duten nekazariei buruzko bideo ikusi ahal izan zen eta, ostean, Edinalvak Brasilen lurraren arazoa handia dela azpimarratu zuen. Lurraren %50a biztanlegoaren %1aren esku dago eta hauek %20 besterik ez dute produzitzen. Gainera, produkzio hori multinazionalen eskuetan dago eta esportaziorako erabiltzen da. Beraz, janari falta dago Brasilen eta nekazaritza-erreforma behar dute lur banaketa duina izateko.
Mozambiken, berriz, lurra lantzeko materiala eskuratzeko arazoak dituztela azaldu zuen Ana Paulak. Nekazariak pobreak dira eta ezin dute multinazionalen produktuekin lehiatu.