Denboraldi bukaera iristear dago federatutako futbol taldeentzat. Igoera faseak eta kopa txapelketak finaletara iritsiko dira aurki eta horietan Lasarte-Oriako taldeak sartzen saiatuko dira. Horietako bat Texas Lasartearrak taldeko I. jubenil taldea dugu.
Lehenengo fasea bukatu eta kopa txapelketan sartu zen. Lehiaketa honetan, aldiz, bere taldeko bigarren postua eskuratu eta azken faserako txartela lortu zuen.
“Kopako ligaxkan ezagutzen genituen taldeak egokitu zitzaizkigun. Hasieran, zigortu asko genituen eta jokalari horiek itzuli zirenean pixkanaka berdinketa bat eta gero irabazitako partidak. Egia esan partida errazak izan ziren. Aurrerago, Urnietaren aurkako partida etxean gutxigatik irabazi genuen eta Intxurre aurkakoa galdu . Normala da hartxintxar zelaietara ez baikaude ohituak. Eta gero Urnietaren aurka ere galtzeak, taldeko bigarren geratzea ekarri zuen,” azaldu digu Asier Cuadrado Texas Lasartearreko jubenilen entrenatzaileak.
Partida
Lehengo astelehenean, jakin zuen bere arerioa Mundarro La Salle izango zela eta atzo jokatu zuen kanporaketa Michelingo zelaian.
Lehenengo zati kaxkarra egin zuen arren, jubenilen taldeak 1 eta 0 irabazten zihoan lehenengo zatia bukatzean. Eta, gainera, gol bat baliogabetu zien epaileak jokoz kanpogatik.
Bigarren zatiko hasieran aukera gehiago izan zituen Texasek eta markagailuan 3 eta 0 jarri zen.
Baina minutuak aurrera egin eta Mundarro gora joan zen eta hamar minutu behar izan zituen partida berdintzeko.
Era honetara, partida luzapenera iritsi zen eta bertan erabaki zen guztia. Lehenengo zatian bi taldeek aukera ugari izan zituzten aurreratzeko, baina bigarren zatiko 7. minutuan Texaseko jubenilek txapelketan aurrera jarraitzeko
“Nik talde kaxkarragoa zela pentsatzen nuen. Martutenen jokatzen ikusi nituen eta harritu naute. Mundarrok goitik baloia asko jokatzen du eta agin gaizki ibili gara horretan,” onartu du Cuadradok eta zera atxiki du, “gainera, zorte txarra izan dugu eta taldeko lau jokalari garrantzitsuk min hartu dute eta batzuk aldatu behar izan ditut. Hau asko antzeman da eta, batez ere, luzapenean. Azkenean mutilek atera dute partida aurrera. Animatuak daude, baina fisikoa gehiago landu behar dugu. Luzapenean larri ibili dira.”
Final laurdena
Hurrengo astean final laurdenetan Kostkas taldea aurrean izango dutela ere aurreratu digu, “atzo 3 eta 5 irabazi zuen eta bera izango da gure arerioa. Intxaurrondon jokatuko dugu partida eta ea aurrera jarraitzen dugun. Asteazkenean horretarako egingo dugu lan, ” aipatu du entrenatzaileak.