Lau aldiz izan da Euskal Herriko txapeldun Andoni Egaña, 1993, 1997, 2001 eta 2005ean. Ez da historian zarauztarrak beste txapel dituen bertsolaririk. 1993tik bera izan da txapelketa nagusian onena, eta aurten bosgarren txapela eskuratzen saiatuko da. Kontrakorik ez du esan behintzat Egañak. Baina aurretik beste dema bat gainditu beharko du.
Lasarte-Oriako Bertso Eskolak "Ezetz bosgarren txapela" erronka bota dio Egañari, eta txapelduna bertso eskolaren aurka lehiatuko da. Andoni Egaña bakar bakarrik arituko da eta Bertso Eskolako kideek denen artean osatuko dute bere aurka arituko den arerioa. Hau da, Eskolako partaide bakoitzak ariketa bat aukeratuko du, batzuk bakarka arituko dira, besteak ofizioan, edo kartzelan, baina denak elkarrekin Egañaren aurka.
Arrieskaleta elkartean maiatzaren 23an iluntzeko 21:00etan hasiko da bertso afaria. Saioak txapelketako egitura izango du, hainbat ariketa egin beharko dituzte eta azkenean afarian direnek erabakiko dute zein den desafioan nagusi. Ikusleek erabakiko dute zein den txapelduna.
Lasarte-Oriako bertso eskola txapeldunari aurre egiteko gai ikusten da. Ez ditu alperrik jorratu azken urteotan hainbat saio eta sariketa, GRak esaterako. Herriko bertsolariak ostegunero biltzen dira bi orduz eta denek elkarrekin indartsu daudela jakinarazi dute.
Menu berezia
Arrieskaleta elkarteak eta bertso eskolak antolatu dute afaria, eta menua zainduko dela aurreratu dute, otorduaren eta bertsoen gozamena elkarren eskutik joan daitezen. 25 euro balio du afariak, 70 lagunentzat dago tokia eta txartelak Arrieskaletan bertan ala Jalgi tabernan eskuratu daitezke.
Arrieskaleta elkartearen asmoa urtero bertso saio bat antolatzea da, beti ere, bertso eskolak urtean zehar daraman dinamika eta programazioarekin uztartuz. Horrela bien artean antolatu da aurten aipatutako bertso afari eta desafioa. Afaria 21:00etan hasiko da eta saioa berriz gaueko 11etan martxan izatea espero dute antolatzaileek.
Udazkenean jokatuko den Euskal Herriko txapelketan berriro ere irabazteko hautagaietako bat, faborito nagusia bertsozale askorentzat, Andoni Egaña izango da.
Lasarte-Oriako Bertso Eskolako ordezkaria Unai Muñoa izango da. Amaia Agirre eta Miren Artetxek ere lortu zuten Euskal Herrikoan parte hartzeko txartela, Muñoa eta Agirrek Gipukoakoan eta Artetxek, aldiz, Iparraldeko Xapelketan.