Euskadiko txoko ezberdinetako dardo jaurtitzaile ikusi ahal izan ditugu egun hauetan Michelineko frontoian ospatu den Bullshooter txapelketan dardoak jaurtitzen.
Bakarka, bikoteka edo taldeka, helduak, zein gazteak kategoria ezberdinetako 200 dardo jaurtitzaile bi egun eta erdi egon dira Euskadiko txapelketa eskuratzeko lehia bizian.
Dardos Easok antolatutako txapelketa ostirala arratsaldean hasi zen. Orduan ikusi ahal izan genituen, antolakuntzak ekarritako 42 dardo makinak eta txapelketak sortzen zuen jakinmina. Izan ere, egun hauetan herritar ugari hurbildu dira txapelketako nondik norakoak ikusi eta ezagunak animatzera.
Herritar ugari
Baina ikusteaz gain, Lasarte-Oriako ordezkari ugari ere izan ditugu txapelketan.
Rincon del J, El Punto, Noski, Abend edo Also tabernetako talde eta kideak nor baino nor aritu dira Euskadiko txapelaren bat herrian geratzeko eta batzuk lortu dute gainera.
Cricket modalitatean, Pedro Campos eta Roberto Cardoso eta Gorka Monroy eta Jon Merino dira bigarren eta hirugarren mailako Euskadiko txapeldun berriak eta Roberto Arrogantek ere hirugarren mailako bakarakako 501 modalitatean eskuratu zuen txapela.
Haurrak ere
Helduez gain, haurrek ere parte hartzeko aukera izan zuten atzo arratsaldean Hi-score moduan, hau da, puntu gehien egiten zuen haurrak eskuratzen zuen txapela.
37 haurrek eman zuten izena eta zortzik bakarrik lortu zuten finalean sartzea.
Maila handia ikusi ahal izan zen eta gehienak lasarteoriatarrak izanik, herrian etorkizuneko dardo jaurtitzaile ugari dagoela erakutsi zuten. •