Gotzon Huegun-en azken erakustokiak

jon-altuna 2009ko mai. 11a, 02:00

Artistak zein artisauak tailerrean bakarrik egindako lanak ezagutarazteko beharrezko ditu erakusleihoak. Gotzon Huegun eskultoreak horrelakoak bilatzen ditu, bere eskultura, mural edo egur landuak erakutsi eta lan berriei bidea irekitzeko. Errenteriko Eskulangintza Azokan jende asko ibiltzen zela esan zioten, bertara eraman zituen lanak eta lanik onenari saria eman diote. Bestalde, ekainaren 9tik 20ra Suitzara doa eskultura simposium batera. Mundu osoko beste 20 eskultorerekin batera arituko da lanean Morges hirian. Nazioarte mailako erakusleihoa izango da beretzat.

Gotzon Huegunek gerezi enbor baten azalean zizelkatutako “aquarium” bat izan da Errenteriko XXXI. Eskulangintza Azokako produkturik onena. Itsas azpiko mundua irudikatzen duen zutabe koloretsuaren kalitatea eta berrikuntza saritu dute Azokan parte hartu duten beste 50 artisauen lanen artean.
Aspalditik ari da Gotzon egunlangintzari bide berriak urratzen. Aquarium-a egitean ere berritzen saiatu da, beste era batera lan egiten: normalean egurra euskarri lauetan lantzen da eta berak aldaketa bilatu du enbor borobilaren buelta osoa zizelkatuz. "Horretan ahalegintzen naiz, gauza berriak egiten, ez dadin egur taila beti kutxa lauki eta geometrikoak lantzearekin lotu". Gotzon Huegunek aitortu zigunez, etxe modernoetan egurrezko lanak jarri daitezkela erakutsi nahi du. Egurra modu desberdinean lantzeagatik egin du apustu herriko eskultoreak eta bide berri egokia hartu duela dirudi. Sariak hori pentsarazten dio behintzat.
Lehenengo aldiz parte hartu du Errenteriko Azokan eta harrera oso ona izan dute bere lanek. Etxean zeukan enborrak eta bere adarbegiek itsas azpia gogorarazten zioten eta hortik sortu zitzaion zutabearen ideia. Enborra berez erakargarria zen eta tailatua oso estimatua izan da ikusleen artean.
Saria gorabehera pozik da lasarteoriatarra. Hiru egunetan, zortzi mila lagunetik gora izan dira artisau azokan eta arrakasta izan du. Aquarium-ean konkretatu dute saria, baina epai mahaikoek esan zioten sorta osoaren kalitatea saritu zutela: Eskultura pare bat, aurpegi bat, zenbait mural eta egurrean lehortea edo enbor pitzatua irudikatzen zuten testura batzuk erakutsi zituen enborrarekin batera. Hain zuzen ere bere helburua hori zen, era guztietako lanak egiten dituela erakutsi. Eta erakusleiho ona suertatu da bi enkargu atera baitzaizkio: aurpegi bat, eta panteoi batean jartzeko marmolezko azpierliebea, El Grekoren erligio lan baten irudikapena. Beste mural handi bat ere egiten ari da eta beraz badu urte bukaera arte lanik.
Lehen aldiz izan da Azokan, lagun batek esanda. Izena eman, argazki batzuk bidali eta aukeratu egin zuten. Eta ederki baliatu du aukera. Suitzako simposium baten parte hartzeko ere bidali zuen proposamen bat eta han ere hautatua izan da.
Ekainaren 9an doa Suitzara Gotzon Huegun. Bere lana mundu mailan erakusteko aukera dauka. Geneva ondoko Morges hiriko IX. eskultura simposium-ean parte hartuko du.

Nazioarteko erakusleihoa
Mundu osoko hogei eskultorek parte hartuko dute nazioarteko simposium edo sariketan, besteak beste, Japon, Errusia eta Argentinatik joanak. Hogei herrialde ezberdinetako eskultoreek 15 egunetan bi metroko enborrean eskultura bana egingo dute eta bakoitzak beste bi eskultura erakusteko aukera izango du.
Prest dauzka Gotzon Huegun-ek eramango dituen bi eskulturak eta han zizelkatuko duenaren maketa. Furgonetan lekua daukanez beste mural batzuek ere eramango ditu. Goizeko 8etatik arratsaldeko 7ak arte lan egin beharko du.
Hauek dira Gotzon Huegun-en azken erronkak. Hernanin dauka tailerra, bertan bizi da, gerora Nafarroako Azkarate herrian bere etxe-tailerra jartzeko asmoa badu ere.
Enkarguei esker bizi da, tarteka erakusketaren bat prestatzen du baina gustuko du, ahal bada, urtean behin kanpora horrelako sinposiumetara joatea: hautatua baldin bazara bertara joan eta jendearen aurrean 15 bat egunetan eskultura egiteko. Dakiena erakusteko klaseak ere ematen ditu. •