Hizkuntza transmisioa aztergai

Txintxarri Aldizkaria 2009ko mai. 11a, 02:00
Ostiraleko Txintxarrin berri eman genuen bezala maiatzaren 8 eta 9an Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako udalak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Eudelen laguntzaz, antolatutako Udaltop Euskara-zerbitzuen I. Topaketa burutu zen herriko kultur etxean.
Matrikulatuta zegoen jendea baina gutxiago etorri arren, 100 pertsona inguru bildu ziren udaletako euskara zerbitzutako, ikastoletako, euskara elkarteko... ordezkarien artean.
I. jardunaldi hauetan, gai nagusi moduan, familiako hizkuntza transmisioa hautatu da Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian jasotako hainbat gaieren artean.

Zerbitzuaren hobekuntza
Jardunaldi hauen xedea esperientziatik abiatuta, eta euskara zerbitzuen hobekuntzarako, batzuk besteengandik ikastea zen eta horretarako lan teorikoak, ikerketa lanak eta esperientziak aurkeztu ziren bi egunetan.
Honela, maiatzak 7 ostegunean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko Mikel Zalbidek Aurrez aurreko jardunaren lekua HINBE hitzaldia eskaini zuen.
Esperientzi ezberdinak ezagutzeko aukera egon zen ostean.
Lehenik Bilboko Karmelo Ikastolako Karmele Aurrekoetxeak gurasoek ikastolan euskararen alde egin duten lana mintzo zen; Nafarroako euskara-teknikarien sareko Raul Lopezek Nafarroako udaletako esperientzia aurkeztu zuen eta, azkenik, Oarsoaldea eskualdearen garapenerako elkarteko Jose Luis Agirretxek eta Jaione Urruzolak Oarsoaldeako hasierako plangintza eta egoeraren arabera egin dituzten aldaketez mintzo ziren.
Ondoren esperientzien gaineko galderak egin ahal izan zituzten bertaratutakoek.
Bazkarirako tarte bat hartu eta gero Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak EAEko euskararen belaunez belauneko transmisioa hitzaldia eman zuen.
Eta eguna bukatzeko, Soziolinguistika klusterreko kide den Pablo Suberbiola lasarteoriatarrak eta Jon Aizpuru Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkariak bikoteen artean hizkuntza ohituren aldaketari buruz egin duten ikerketa-lanari buruz hitz egin zuten.
Ostiralean, berriz, Pello Jauregi EHUko irakasleak taldeetan erabiltzen den hizkuntzari buruzko hitzaldian adibide praktikoak egin zituen. Ikusle batzuk oholtzara igo eta konfiantza lortzeko dinamikak egin zituen.
Ostean Buruntzaldeko koordinazio batzordeko Iñaki Arruti, Pablo Suberbiolak eta Andoaingo Aita Larramendi eskolako kideek gure herrialdeko egoeraz hitz egin zuten.
Baina ez zen guztia teoria izan. Lan egin behar izan zuten lehenik binaka, gero launaka eta azkenik taldeka
Amaiera ekitaldian Unai Muñoa, Uxue Alberdi eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariek ponentzietako kontzeptuak erabili zituzten euskal kantutegiko abestien hizkiak aldatuaz.
Baina ez zen gauza horretan geratu, gazteleraz egin baitzuten bertsotan eta antolatzaileak, entzuleak eta funtzionarioak izan baitziren erabilitako gaiak.

Teknologia berrien laguntza
Jardunaldien osagarri moduan web gune bat jarri dute www.udaltop.com eta hemen informazioa emateaz gain, parte hartzaileen jarrera aktiboa bultzatu nahi izan da. Horretarako, hainbat material zintzilikatu da jardunaldien aurretik, parte hartzaileei, hizlariei galderak egiteko aukera eman zaie.
Lan egiteko modu berritzaile honen helburua, jardunaldietan entzuleen parte hartze aktiboa bultzatzea izan da.
Honela, antolatzaileek Udaltop jardunaldiak urtero egiteko asmoa adierazi dute eta hurrengoetan Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian jasotako hainbat gai jorratzekoa.•